Maiatzean baino 26 langabetu gutxiago zenbatu dira Oñatin ekainean

2017/07/04
Langabetuen kopurua 300neko langaren azpitik kokatu da, azken 9 urtetan lehenengo aldiz

  Langabeziaren beheranzko joerari eusten zaio gurean eta bosgarren hilabetez jaitsi da. Urtarrila amaieratik ekaina amaierara 108 langabetu gutxiago erregistratu dira Oñatin. Ekaina, hilabete ona izan ohi da gurean langabeziari dagokionean. Udako lan kargari erantzun ahal izateko kontratu berri ugari egiten baitira eta tradizionalki, langabeziak behera  egin ohi du urteko seigarren hilabetean. Baina lehen aipatu bezala, 2017a enplegu errekuperaziorako urte gertatzen ari da. Abendutik urtarrilera langabeziak pitin bat gora egin bazuen ere, urtarriletik aurrera jaitsiaz joan baita hilabetez hilabete. 

  Lanbideko azken datuen arabera Oñatin erroldatutako 284 lagun daude lana topatu guran. Horrek, 2008ko kopuruetara garamatza. Azken 9 urtetan, herriko langabetuak 300dik gora izan baitira hileroko kontaketetan. Azken hilabetean gainera, murrizketa nabaria izan da eta maiatza bukaeran baino 26 langabetu gutxiago zenbatu dira. Horrek langabezia tasa % 5.41ean kokatu du, maiatzean baino puntu erdi beherago. Orain urtebete, langabezia tasa bi puntu eta laurden altuagoa zen.

  Gizonezkoen langabeziak egin du bereziki behera azken hilabetean gurean, adin tarte guztietan jaitsi baita. Emakumezkoen artean, 45 urtetik gorakoen artean jaitsi da. Une honetan lana topatu nahian dabiltzan 100 oñatiarretatik 61 emakumeak dira; maiatzean ehunetik 58 ziren. Lan kontratu berriak zerbitzuetan eta industrian egin dira.

  Ikuspegia zabalduz, langabeziak behera egin du Hego Euskal Herrian ere. Lau herrialdeetan murriztu da langabezia, Gipuzkoan batez ere. Gizarte Segurantzan afiliatu kopuruak ere gora egin du azken hilabetean. Jaurlaritzako Enplegu sailburu Beatriz Artolazabalek historikotzat jo du ekaineko langabezia datua, eta azpimarratu batez ere, gazteei eragin diela langabeziaren apalaldiak. Hala ere, kezkatuta azaldu da langabeen ia erdiek 44 urte baino gehiago dituztelako.
Oñatin erdiak baino gehiago dira 44 urtetik gorakoak, ia % 52a.

Iturria: Oñati Irratia