Maiatzaren 4an hasiko da "Gipuzkoa bertsotan" Gipuzkoako bertsolari txapelketarako sailkapen fasea

2019/04/09
Card image cap
5 oñatiarrek parte hartuko dute txapelketarako jokoan diren 34 txarteletako baten bila

  Udazkenean hasiko da 2019ko Gipuzkoako bertsolari txapelketa. Aurretik, ordea, Gipuzkoa bertsotan, txapelketarako sailkapen fasea jokatuko da. Gipuzkoa bertsotan sailkapen fase soil bat baino gehiago da, Gipuzkoan bertsolaritzak bizi duen osasunaren isla da, besteak beste, bertso eskoletan, hezkuntza arautuan, plazetan zein lehiaketa eta sariketetan bizi den emankortasunaren erakusle. 84 bertsolarik parte hartuko dute eta horietako 5 Txinparta bertso eskolako kide dira: Aitor Tatiegi, Urko Egaña, Maider Arregi, Gontzal Belategi eta Urko Arregi.

  Maiatzaren 4tik 25era, 14 saio izango dira Gipuzkoan barrena. Aipatu 84 bertsolari horiei laguntzen, antolaketan 15 gai jartzaile, 18 epaile eta 3 idazkari arituko dira. 84 bertsolariak bi multzotan banatu dira eta multzo bakoitzean 7 saio jokatuko dira. Multzo multzo bakoitzean puntuazio altuena lortzen duten 17 bertsolariek eskuratuko dute irailean hasiko den Gipuzkoako bertsolari txapelketan parte hartzeko txartela. 34 bertsolari horiei dagoeneko sailkatuta dauden 14 bertsolariak batuko zaizkie udazkenean.

  A multzoari dagokion lehen saioa Asteasun jokatuko da maiatzaren 4an eta Aitor Tatiegik bertan kantatuko du. Hurrengo egunean, eta B multzoan, Urko Egañak Orion kantatuko du. Oñatiko beste hiru ordezkariak A multzoan sartu dituzte: Maider Arregik Zizurkilen kantatuko du,  maiatzaren 18an; Gontzal Belategik Errezilen 19an eta Urko Arregik azkenik, Bergaran, maiatzaren 24an.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!