Maiatzaren 1a plazako iturria konpondu egin du udal brigada taldeak

2020/11/13
Card image cap
Ura ematen du berriro

  Dozena erdi bat urte baziren Maiatzaren 1a plazako iturriak urik ematen ez zuela. Ur-hodia apurtuta zuen eta etengabeko galera izan ez zezan, moztea erabaki zuten udal arduradunek. Herritar batek ordea, konpondu eta berriro martxan jartzea eskatu zuen udaletxean eta hala egin berri da.

  Apurtutako ur hodia guztiz aldatu da; harriaren juntak pikatu eta ondo zigilatu dira, urak ihes egin ez dezan eta ubidea garbitu egin da, soberan doan urak gainezka egin ez dezan. Azken urratsa, ura berriro ematea izan da. Konponketa eta garbiketa lanak udal brigada taldeak egin ditu.

  Maiatzaren 1a plazako iturria XIX. mende akaberan herrian jarri ziren zortzi iturri publiko historikoetako bat da. Zortzi horietatik bostek zati metalikoren bat dute eta 2014an elementu metaliko horiek tratatu eta margotu ziren, herdoilduta baitzeuden. Orain, Maiatzaren 1a plazako iturrian konponketa lanak egin dira, berez duen funtzioa bete dezan, hau da, ura eman dezan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!