Lurraldebus zerbitzua egokitzeko bilera egin dute Debagoiena eta foru aldundiko arduradunek

2017/06/14
Card image cap
Hasierako proposamenak Oñati kaltetu dezakeela eta, beste bide batzuk aztertzeko konpromisoa hartu du Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuak

  Autobus zerbitzu publikoa praktikoagoa eta erakargarriagoa bihurtu asmoz Lurraldebusek Debagoienan duen eskaintza indartu nahi duela agertu zien eskualdeko udal arduradunei Marisol Garmerdiak, Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako foru diputatuak. Lehen harremanetarako lan bilera horretan, foru aldundiko teknikoek hainbat proposamen aurkeztu zizkieten Debagoienako ordezkariei. Egun Eskoriatzan hasi eta amaitzen diren autobus zirkularrak Arrasatetik abiatzea proposatu zen eta Eskoriatza eta Bergara arteko linea berri bat martxan jartzea aurrekoaren hutsunea betetzeko. Proposamen horiekin ados agertu ziren guztiak.

   Desadostasuna ordea, autobus zirkularraren maiztasuna murrizteko proposamenaren haritik sortu zen eta bereziki Oñatiko ordezkariaren aldetik. Egun ordu erdiroko maiztasuna duen zerbitzu zirkular hori ordubetera luzatzea proposatu zuten foru ordezkariek. Irati Etxeberria zinegotzia kontra azaldu zen neurri horrek bereziki Oñati kaltetzen zuela argudiatuta, Eskoriatza-Bergara ardatzean dauden herriek beste zerbitzu osagarri batzuk badituztelako. Egungo zerbitzu zirkular hori bi zerbitzu lineal bihurtzeko aukera jarri zen ondoren mahai gainean, hau da, Arrasate-Oñati-Zumarraga linea batetik eta Arrasate- Bergara-Antzuola-Zumarraga linea bestetik. Bi zerbitzu linea hauek ez lukete elkarrekin loturarik izango eta autobusak Arrasate eta Zumarraga artean joan-etorrian ibiliko lirateke bat Oñatitik barrena eta bestea Deskargatik barrena. Autobus zerbitzu zirkularraren gaia eta aipatutako aukera, berriro aztertzeko konpromisoa hartu zuen Mugikortasun eta Lurralde antolaketako diputatuak.

  Eskoriatzan egin zen bilera aprobetxatu zuen Irati Etxeberria zinegotziak Oñatitik dauden kezkak foru arduradunei jakinarazteko. San Prudentzioko geltokia bereziki zaintzea eskatu zuen eta Oñatiko bidaiarientzat estrategikoa den lotura geltokiak mimo gehiago behar duela esan zion foru diputatuari. Madalenako geltokiak, Oñatitik San Prudentziorako norabidean, inolako seinalerik ez duela ere jakinarazi zion, ez markesina edota geltokia dela adierazten duen zutaberik ere ez, eta ondorioz, gidariek sarritan ez dutela jakiten non gelditu behar duten. Eta Olabarrietan ere, zenbait autobus geltokira ez direla sartzen esan zion.  Autobusen sarbidea hobetzeko auzoaren sarreran egin zen isletaren neurriak  bereziki zaindu zirela adierazi zion Oñatiko zinegotziak baina egun, ibilgailu batzuk errepide bazterrean geratzen direla azaldu zion. Guztiak kontutan hartuko zirela erantzun zion Marisol Garmendiak, Mugikortasun eta Lurralde antolaketako foru diputatuak.

  Lurraldebuseko Debagoieneko zerbitzuaren hobekuntza neurriak irailean indarrean jartzea aurre ikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!