Ludoteka, udaleku irekiak eta haur eta nerabe etorkinen bertakotze programa kudeatzeko zerbitzua lizitaziora atera du Udalak

2016/12/14
Card image cap
Abenduaren 26ra arteko epea dago prozesura aurkezteko

  Txatxilipurdi elkarteak eskaini ditu azken urte hauetan, haur eta gazteei zuzendutako hiru zerbitzu horiek. Baina kontratua betetzear dago eta Udalak zerbitzuaren lizitazio berria martxan jarri du jada.

  Bertakotze programa 5-16 urte bitarteko haur eta nerabe etorkinei zuzendutako zerbitzua da. Azken helburua, Oñatira etorritako neska-mutilak ahalik eta eperik laburrenean integratzea da. Txaloka ludoteka 4-9 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta kasu honetan, heziketa proiektu
baten laguntzaz eta denbora librean ekintza ludikoen bitartez, haurren garapen sozial, afektibo eta kognitiboan laguntzea da helburua. Udaleku irekiak azkenik, 4-12 urte bitarteko haurrei zuzendutako udako aisialdi programa da.

  Kontratatzen den enpresak aipatu hiru zerbitzuen planifikazioa, komunikazioa eta ebaluazioa egin beharko du zuzeneko arreta eskaintzeko pertsonala jartzearekin batera. Ludotekan eta bertakotze programan bina teknikari jartzea eskatzen du Udalak. Horrezaz gain, udaleku irekietan koordinatzaile lanetan arituko diren bi langile izendatu beharko dira eta udalarekin harremanetarako arduradun bat ere bai. Haur eta gazteei zuzendutako hiru zerbitzu hauen lizitaziorako  finkatu duen oinarrizko aurrekontua 130.900 euro da. Enpresek, gehienezko prezio horren azpiko eskaintzak egin beharko dituzte. Proposamenak baloratzerakoan eskaintza ekonomikoak 51 puntu eskuratzeko aukera emango du eta eman beharreko zerbitzuaren memoria proiektuak berriz, 49 puntu.

  Udalak, haur eta gazteei zuzendutako hiru zerbitzu hauek eskainiko dituen enpresarekin urtebeterako kontratua sinatuko du hasieran baina beste bi urtez luzatzeko aukerarekin.
Interesa duten enpresek gaiaren inguruko informazioa udaleko web atarian topatuko dute. Eskaintzak aurkezteko epea berriz, abenduaren 26an amaituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!