Oñatiko udala

Lourdes Idoiagak jaso dituen mehatxuen aurrean, Bildu Udal Taldeak elkartasuna adierazi dio eta auzitara joko balu, akusazio partikular gisa bertaratzeko prest dela azaldu du.

2013/01/21

  Noticias taldeko egunkariek zapatuan argitaratu zutenez, egun, udalbatzako kide eta jeltzaleen bozeramalea den Lourdes Idoiagak mehatxu gutun anonimoa jaso zuen hilaren 7an. Bertan, “lepotik zintzilik egotea merezi zuela” zioen.

  Horren berri izan bezain pronto, Bilduko udal taldeak salaketa adierazpena kaleratu zuen. Alkate ohiarekiko elkartasuna adierazteaz gain, era honetako jokabideak salatu eta soberan daudela dio idatziak. Hala, udal Gobernu taldea Idoiagarekin harremanetan jarri ondoren eta honek epaitegietara joko balu, akusazio partikular gisa bertaratzeko prest dela zehazten du. 

  Lau puntuko idatzian, alde bateko nahiz besteko presioa jasaten ari diren herritar guztiei elkartasuna adierazten zaie, hondakinen inguruko eztabaida baketsuan parte hartzera animatuz eta hau oztopatu dezaketen jarrera arbuiagarriak alde batera utziz.

  Era berean, EAJko kide batek Oñatiko udal gobernuari errepresaliak erabili  izana egoztea ez dute onartzen eta esandakoa errektifikatzea eskatzen diote. Jeltzaleei, eztabaida hau ez politizatzea ere exigitzen diote.

  Amaitzeko, udal gobernu taldeak, hondakinen problematikari buruzko eztabaidek, bilerek eta parte-hartze prozesuak orain arte izan duen normaltasuna azpimarratu du, herritarrei parte hartzen eta beren iritzia eta ekarpenak askatasun eta normaltasun osoz adierazten jarraitzeko animatuz.

  Bildu udal taldeak, zapatuan publiko egin zuen elkartasun adierazpena, Lourdes Idoiaga alkate ohiak jasotako mehatxuen haritik egin zuen.

  Zapatuan bertan Noticias de Gipuzkoan irakurri zitekeenez, Idoiagak lepotik zintzilik egotea merezi zuela zioen gutun mehatxagarri anonimoa jaso zuen hilaren 7an. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!