Lourdes Idoiaga mehatxatuz Bergarako gaztetxean agertutako pankarta dela eta aurkeztutako mozioak aztergai izango dira arratsaldeko Osoko Bilkuran.

2012/09/27
Preso gaixoen inguruan ere bi mozio jaso dira.

  Orain egun batzuk Bergarako gaztetxean Lourdes Idoiagaren aurkako pankarta agertu zen. Idoiagaren argazkiaren ondoan hauxe irakurri zitekeen: ZU ZARA ERRAUSTUKO DUGUN LEHEN ZABORRA.
Mehatxu pankarta hori dela eta, Idoiagaren alderdiak, Euzko Alderdi Jeltzaleak mozio idatzia aurkeztu zuen udaletxean. Ez da ordea arratsaldeko Osoko bilkuran gai honen inguruan aztertuko den idatzi bakarra izango Bildu udal taldeak ere beste mozio bat presentatu baitu.

  Bergaran astelehenean aztertu zen gaia eta Idoiagaren kontrako mehatxuak gaitzestea erabaki zuen Osoko bilkurak. Gaia, orain Oñatin aztertuko da baina esan bezala, udalbatza osatzen duten bi alderdiek, bakoitzak bere aldetik, aurkeztu dituzten mozio idatziak oinarri hartuta.

  Berdina pasako da preso gaixoen inguruan ere. Bildu udal taldeak eta Alderdi jeltzaleak mozio bana aurkeztu baitute.

  Mozioak, lan zerrendaren azken puntuetan jaso dira. Aurrez, Espainiako bandera udaletxeko fatxadan jartzeari buruz eman den sententziaren berri emango da eta udalak, eta Mondragon Goi Eskola politeknikoak Antixenako ostalaritza eskola zeneko eraikinaren inguruan sinatu duen behin behineko lagatze hitzarmenaren berri ere emango da.

  Uztaileko Osoko Bilkurak behin-behineko izaeraz onartu ondoren, hileta edo omenaldi zibilak egiteko ordenantza behin betiko izaeraz onartzea proposatuko da.

  Iraileko osoko bilkura arratsaldeko 7 eta erdietan hasiko da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!