Oñatiko udala

Lorke Systems enpresak egingo ditu San Lorentzo auzoan komun publikoa jartzeko lanak.

2012/07/18
Abuztuan beharrezko material guztia eskuratuta, lanak, irailaren 3an hasiko dituzte.

  Lehen lehenik, ur hornidura eta saneamendu sareko lotuneak prestatu beharko dituzte eta komunaren kabina muntatzea izango da hurrengoa. Okerrik ezean, lanak, 15 egunetan egitea aurre ikusten da. Beraz, San Migel jaixetarako, herriko hirugarren komun publikoa jada martxan izatea espero da.

  Udalak, lan hauek esleitzeko publizitate gabeko prozedura negoziatua erabili du. Arloko hiru enpresari lehiaketan parte hartzeko gonbidapena luzatu zitzaien eta hirurek euren proposamena helarazi zuten.
Eskaintza merkeena, Lorke Systems enpresak aurkeztu zuen eta eskatutako baldintzak betetzen zituela ikusita, lana, enpresa honi esleitzea erabaki zen. Onartutako aurrekontua, 49.500 euro gehi BEZa da.

  San Lorentzoko jolas parketik hurbil jarriko den komun publikoa, postetxe aurrealdean, autobus geltoki nagusiaren ondoan jarri zenaren antzekoa izango da. Kabina, kanpotik altzairu herdoilgaitzekoa izango da. Bakarrik garbitzekoa, erabilera anitzekoa eta mugitzeko arazoak dituzten pertsonek erabiltzeko modukoa izango da. Komun publikoa jolas parke baten ondoan kokatuko dela kontutan hartuta, umeen pardelak aldatzeko mahaitxoa izatea ere eskatu du udalak.

  San Lorentzokoarekin, herrian hiru komun publiko izango ditugu. Egun dauden biak sarritan matxuratzen dira batez ere plaza ondokoa eta ondorioz erabili ezinda geratzen dira. Arazo hau saihesteko, prebentziozko mantentze-lanak egiteko enpresa kontratatzea erabaki du udalak. San Lorentzoko komuna jarriko duen enpresa berberak, LORKE Systems enpresak beteko ditu mantentze lan horiek. Prebentzio neurri gisa, urtean 6 bisita egingo dituzte, 3 komunak aztertuz. Bi hilean behin beteko den prebentzio mantentze zerbitzu hori osatuz, udal langileek astero begiratuko dute komun publikoak egoera onean daudela.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!