Oñatiko udala

Lide Arregik eskolarteko bat-bateko txapelketan parte hartuko du gaur

2021/05/14
Card image cap
2019an egin zen azken finala
Txinparta bertso eskolako ordezkari bakarra da aurten

  Gipuzkoako eskolarteko txapelketari dagokion laugarren eta azken kanporaketa Arrasaten jokatuko da gaur, 19:00etan. Bertan kantatuko duten sei bertsolari gazteen artean oñatiar bat: Lide Arregi, Txinparta bertso eskolak aurtengo txapelketan duen ordezkari bakarra.

  Lide Arregik 14 urte ditu egun eta Gipuzkoako eskolarteko bat-bateko txapelketan parte hartzen duen lehenengo aldia da. 2014an Gipuzkoako eta Euskal Herriko eskolarteko txapelketa irabazi zituen Maider Arregiren ahizpa gaztea da Lide.

  Arrasateko Kulturaten izango da gaurko kanporaketa eta Lide Arregirekin batera kantuan arituko dira Jon Mendiluze, June Aiestaran, Sustrai Goenaga, Uxue Ostolaza eta Amets Aizpurua. Azken saio honetan erabakiko da maiatzaren 28an Urnietan jokatuko den  Gipuzkoako finalean arituko den seikotea. Aurreko hiru kanporaketak irabazita zuzenean sailkatuta daude Joar Garate, Naia Arrizabalaga eta Nerea Isusi.

  14 eta 18 urte arteko 21 bertsolarik hartu dute parte bat-bateko txapelketan aurten eta askorentzat lehen plaza izan da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!