LGTBI pertsonen eskubideekiko konpromisoa berretsiz mozioa onartu zen Osoko Bilkuran

2020/06/28
Mozioa aho batez onartu zen

  Alkateak irakurri zuen mozio idatziaren hasieran LGTBI pertsonen borrokari erreferentzia egiten zaio, Stonewallen lesbiana, gay, transexual eta, batez ere trabestiak, poliziaren aldetik jasaten zituzten jazarpena eta xantaiari aurre egiteko erreboltak izan zirenetik 50 urte joan direla gogoratuaz. Euskal Herrian ere izan zuen islarik borroka horrek, eta 1979ko ekainaren 10ean, polizia batek, Errenterian, Antonio Vicente Santa María (Francis) hil zuela aipatu zen. Ekainaren 28ko hartan hasi ziren Euskal Herriko kaleetan ere sexualitate eta generoa modu askean bizitzeko aldarrikapenak egiten.

  Oñatiko udalak, aldarrikapen horiek babestuz eta bere eginez, 8 puntuko konpromiso zerrenda onartu zuen osteguneko Osoko Bilkuran:

- Giza eksubideekin dugun konpromisoa berresten dugu, baita aniztasun sexualaren, genero identitatearen eta orientazio sexualaren arabera jendea ez diskriminatzearekin ere. Egin diren aurrerapausoak aitortzeaz gain, berresten dugu egun oraindik dauden barrerak gainditzeko gure erabakia.

- LGTBI pertsonen egoeraren diagnostikoa egitea, eta honi erantzungo dion talka-plan bat bultzatzea, premiazkoenak diren ekintzak lehenetsiz.

- LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean erakundeen koordinazio, arreta eta erantzun publikorako protokoloak diseinatzea eta abian jartzea.

- LGTBI pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatzea.

- Jazarpen eta eraso LGTBIfobikoei erantzuteko eta arreta emateko protokoloak bultzatzea hainbat eramutan: Hezkuntza, kultura, kominikazioa, enpresa.

- Haurrak eta nerabe transexualak babesteko neurriak ezartzea, bereziki trans errealitatea barne hartzen duten lankidetza-prozesuak, gizarte- eta hezkuntza-eragileekin.

- Ikuspegi feminista duten prestakuntza-prozesuak bultzatzea, langile publiko eta politikoentzat, bereziki, jendeari arreta emateko, eta gizarte- eta hezkuntza-esparrurako.

- Edozein motatako erasoa gaitzesten dugu gure udalerrietan; indarkeria fisikoa edota hitzezkoa, umiliazioa edota LGTBI pertsonekiko gutxiespena.

  Oñatin, gaur egun ere, LGTBI pertsonek jazarpena jasaten dutela eta zer egina badagoela erantsi zuen alkateak mozioa irakurri ondoren.

Iturria: Oñati Irratia