Leire Egaña oñatiarrak Gipuzkoako hiri hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko aholku batzordean parte hartuko du Debagoienako mankomunitatea ordezkatuz.

2012/05/09
Leire Egaña Oñatiko udaleko Ingurumen zinegotzia da.holku batzorde hau gaur eratuko da.

  Diputatuen Kontseiluak pasa den otsailean erabaki zuen Gipuzkoako hiri hondakinak kudeatzeko aholku batzordea eratzea. Helburua, hondakinen kudeaketarekin zerikusia duten eragileen eta erakundeen parte hartzea ahalik eta gehien sustatzea da.

  Hala, gaur arratsaldean, 5etan eratuko den batzordeak osaketa zabala izango du. 45 kidek parte hartuko dute, tartean, Gipuzkoako mankomunitate guztietako ordezkariek. Leire Egaña oñatiarrak Debagoienakoa ordezkatuko du.

 Politikatik harantzago, zenbait gizarte eragilek ere parte hartuko dute batzordean; Adegiko ordezkariak, ELA eta LAB sindikatuetakoak edota dendari eta ostalarien elkartetakoak.

  Hiri hondakinak prebenitzeko eta kudeatzeko aholku batzorde honek hainbat  funtzio izango ditu. Haran ola, hondakinen kudeaketa arloan abian dagoen plangintza interpretatzea, eta egiten ari den bilketa guztia aztertzea, analisia eta ebaluazioa eginez. Hondakinen kudeaketa orokorraren alorreko politikak ere aztertuko ditu, horretarako,  udaletan hartzen diren erabakiak oinarri hartuta.

  Hondakinen kudeaketari buruzko iritzia emango du, garapen iraunkorrari buruzko neurriak proposatuko ditu edota, herritarren partaidetza sustatuko du, besteak beste.

  Gipuzkoako hiri hondakinen prebentzio eta kudeaketarako batzordeak egindako proposamenak garrantzitsuak izango dira, Diputazioak irizpide edo oinarrizko kriteriotzat hartuko baititu.

  Batzordeak parte-hartzeari ere atea irekiko dio. Hala, zubi lana egingo du planifikatzailearen, kudeaketa egiten duenaren eta gizartearen artean. Azken batean planifikazioa eta eguneroko kudeaketa aztertu egingo ditu eta emango dituen aholkuak kontuan hartzekoak izango dira, esan bezala.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!