Lehenengo migratzaile taldea atzo iritsi zen Larrañako aterpetxera

2018/10/15
Card image cap
Alkateak eta 200 bat herritarrek harrera egin zieten eta beraiek Laboaren "Txoria txori" abestu zuten eskerrak emateko

  Saharaz hegoaldeko 37 lagun iritsi ziren atzo ilunkaran Oñatira, Larrañako harrera zentrora, CEAR erakundeko ordezkariek lagunduta. Sare sozialen bidez zabaldu zen gonbidapena jarraituz, 200nen herritar hurbildu zen  lehen ongi-etorria egitera. Mikel Biain alkatea ere bertaratu zen eta hitz batzuk zuzendu zizkien Oñatin ahalik eta eroso eta lasaien egon daitezen desioaz. Gaztetxeko eta Gobernuz Kanpoko Elkarteetako ordezkariei eskerrak ere eman zizkien beren lan eta babesagatik. Ondoren, dantzari bikote batek aurreskua eskaini zuen eta etorkinen ordezkari batek jasotako harrera eskertu zuen. Beste batek berriz, eskerrona kantuz azaldu nahi izan zuen eta Mikel Laboaren Txoriak txori abesten jarri zituen migratzaile eta herritarrak.

  Oñatira iritsi den lehen migratzaile talde hau Saharaz hegoaldeko 37 lagunek osatzen dute, gehienak, mendebaldeko kostaldeko herrialdeetatik etorritakoak dira: Kamerun, Boli-kosta eta Kongokoak, besteak beste. Baina Oñatira, Bilbotik iritsi ziren. Oñatikoa, lehen harrerako zentroa da eta administrazioak asilo eskaera ebatzi eta epe erdi-luzeko egonaldietarako beste leku batzuetara bideratu aurreko bizpahiru hilabeteak emateko aterpetxea izango da. Epe horretan beharrezkoa duten laguntza teknikoa izango dute migratzaileek, psikologo, abokatu, gizarte laguntzaile eta abar.

  Larrañako harrera zentroa eraikinaren goiko hiru solairutan egokitu da, euskara barnetegiak hartzen zituen instalazioetan. Hirugarren solairuan lanak ez dira guztiz amaitu eta ondorioz atzo iritsi zen migratzaile taldeak laugarren solairuko logelak eta bosgarreneko jangela eta egongelak okupatuko ditu. CEAR Euskadik kudeatzen du nazioarteko babesa eskatu duten pertsonei lehen harrera egiteko aterpetxe hau, Eusko Jaurlaritza, Foru Aldundia eta Udalarekin elkar lanean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!