Lehenengo Karapaixo Eguna egingo da Debagoieneko XXV. Jardunaldi Gastronomikoen baitan

2017/03/09
Karapaixoak egiten ikasteko tailerra antolatu da

  Urte sasoiaren arabera eta beti ere, garaiko eta tokiko produktu gastronomikoak sustatzeko helburuz egiten dira Debagoieneko Jardunaldi Gastronomikoak. Maiatzaren 1a arte luzatuko direnak XXV.ak dira dagoeneko.

  Gastronomia jardunaldi hauetan eskualdeko bost jatetxek parte hartzen dute, Arantzazuko Goiko Bentak, Arrasateko Santa Ana eta Hilarionek, Bergarako Lasak eta Elgetako Maialdek. Guztietan Debagoienako bildotsa, pella eta torradak oinarri dituzten menu bereziak eskaintzen ari dira. Prezioa ere, berezia da.

  Bisita bereziak ere antolatzen dira eskualdeak dituen produktu berezietara hurbiltzeko asmoz, Gomiztegi baserritik bideratzen den euskal artzainen ibilbidea egin daiteke, Txokolateixan txokolate zaporezkoa ekintza edota Leintz Gatzagan, gatzaren artisau tailerra.

  Baina XXV. jardunaldi gastronomiko hauek dakarten nobedadea datorren astean Arrasaten ospatuko den KARAPAIXO EGUNA da. Arrasaten hilero izaten den Baserritarren azokaren baitan antolatu da eta Seber Altube plazan izango da.  Garizuma garaian eta Debagoienean bizirik dagoen ohitura da karapaixoarena. Horren haritik, karapaixoaren inguruan azoka berezia egingo da hilaren 18an Arrasaten. Karapaixoak erosi ahal izango dira eta nola egiten diren ikasi ere bai, karapaixoak egiten ikasteko tailerra izango baita. Parte hartu ahal izateko aurrez izena ematea gomendatzen da. Interesatuek Debagoieneko turismo departamentuarekin harremanetan jarri behar dute 943.796463 zenbakira deituta edota mezu elektronikoa, turismo@debagoiena.eus helbidera bidalita.

  Otsaialren 24an hasi ziren Debagoieneko XXV. Jardunaldi Gastronomikoak  maiatzaren 1era arte luzatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia