Lehenengo Jaunartzeak urriaren 25era atzeratu ditu Katekesiak

2020/05/08
Aurrez aurreko elizkizunak maiatzaren 17an hastea aurreikusten du Oñatiko eliz komunitateak

  Domekan, maiatzaren 10ean egitekoak ziren aurten Lehenengo Jaunartzeak Parrokian. 50en bat neska-mutikok hartu behar zuten eliza katolikoak duen bigarren sakramentua. Baina une honetan aurrez aurreko elizkizunak ezin dira egin, dakizuenez, eta ondorioz, Jaunartzeak udazkenera, urriaren 25era atzeratzea erabaki zuen Katekesi taldeak. Hala jakinarazi zitzaien haurrei eta beraien familiei.

  Aurrez aurreko elizkizunak berriz, lehenago hastea aurreikusten da, datorren asteburuan, maiatzaren 17an hain zuzen ere. Halaxe adierazi digu Horazio Argarate parrokoak. Konfinamenduaren ondorengo lehenengo elizkizun horiek Arantzazun, Bidaurretan eta Agustinoen elizetan egitea aurreikusten dute. Hasieran, elizkizun bakarra egingo da egunean, osasun, higiene eta distantzia neurriak behar bezala hartuta.

  Mikel Goiaingeruaren Parrokian astebete beranduago, maiatzaren 25ean hasi asmo dira elizkizunak herritarrekin ospatzen. Atzo bertan egon ziren jasarlekuak ikusi eta 2 metroko distantzia gordetzeko neurketak egiten eta parrokia handia izanagatik, gehienez 150en bat pertsona sartu ahal izango liratekeela argitu digu Parrokoak. Kontuan hartuta, bestalde, egun mezetara joaten diren gehienak adineko pertsonak direla, hau da, gaixotzeko arriisku handiena dutenak, pentsatzekoa da, askok, asteak pasatzen utziko dituztela aurrez aurreko elizkizunetara itzuli aurretik.

  Gauzak ondo eta osasun arduradunek bestelakorik adierazten ez duten bitartean, maiatzaren 25ean hasiko dira aurrez aurreko eukaristiak ospatzen Mikel Goiaingeruaren Parrokian. Egunean elizkizun bakarra izango da, baldin eta hiletarik tokatzen ez bada. Hala gertatzen denean, 9:00tako mezaren ondoren eliza garbitu eta arratsaldeko hiletetarako prestatuko da, ondoren, berriro garbituko delarik.

  Konfinamendu garaian hil diren herritarren aldeko hileta elizkizunak ere, maiatzaren 25etik aurrera programatuko dira, egunean pare bat edo egingo direlarik, Argarate parrokoak azaldu digunez.

Iturria:Oñati Irratia

Horazio Argarate parrokoa