"Lehen sorospenak, oinarrizko bizi euskarria" formazio saioak iazko arrakasta berritu du

2016/01/18
Card image cap
Jarritako partaidetza muga gaindituta 17 gurasok egingo dute bihar

  Bizitza arriskuan dagoenean eta osasun arloko profesional bat laguntzera datorren bitartean aplikatu daitezkeen teknikak guztiok ezagutu beharko genituzkeen arren, gutxi dira, masaje kardiakoa edo ahoz ahokoa nola egin behar den dakitenak. Ezezagutza hori ezabatze aldera, halako formazio ikastaroak antolatu ohi dira kiroletan dabiltzan entrenatzaileei zuzenduta edota gurasoei zuzenduta ere bai. Iaz, halako lehen esperientzia egin zen Guraso Eskolan eta jasotako erantzun zabala ikusita bi talde osatu beharra izan zen. Aurten ere, lehen sorospenak ikastaroa berriro eskaini da eta partaidetza muga berriro gaindituta, 17 gurasok egingo dute bihar arratsaldean. Oihana Martinez arduratuko da tailer teoriko praktiko hau eskaintzeaz.

  Baina izan da Guraso eskolan arrakastadun beste formazio gairik, guraso-coaching ikastaroa, esaterako. Azken urteetan partaidetza handia ikusita guraso-coaching ikastaroa berriro landuko da otsailean. Oraingoan dena den, seme alaba nerabeak dituzten gurasoei zuzenduta egingo da. Hala, parte hartzeko gonbidapen gutuna helaraziko zaie Lehen Hezkuntzako 6. maila eta DBHko ikasleen gurasoei.

  Seme alaben potentziala eta talentua piztu, autoestimu osasungarria bultzatu eta eurekin elkarrizketa osasungarri eta eraginkorrak izateko azalpen teorikoak emango dira tailerrean baina esperientzian oinarritutako dinamika eta ariketak egingo dira. Tailerra, otsaileko lau asteartetan emango da: 2,9, 16 eta 23an. Parte hartzeko izena eman behar da hilaren 28a baino lehen, 943.037700 telefonora deituta edo mezua, ainhoa@onati.eus helbide elektronikora bidalita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!