Lehen mailako osasun arretan deitutako grebak pediatria zerbitzuan eragin du bereziki Oñatin

2019/06/17
Card image cap
Aurreko beste bi greba deialditan baino jarraipen txikiagoa izan du gaurkoak anbulatorioan

  8:00tan lanera sartu behar zuten medikuetatik 2 falta izan dira gaur anbulatorioan. Baina horietako bat pediatra da eta berez, bi daudenez, zerbitzua %50ean bete da. Greba egin duen medikuarekin txanda zutenei, Arrasatera urgentziatara joan edo beste egun baterako txanda eskatzeko aukera eskaini zaie. Beste horrenbeste greban dagoen familia medikuaren kupoko gaixoei. Kasu honetan, etxeko dei urgenteak artatzeko gutxieneko zerbitzua soilik bete baitituzte lanera joan diren medikuek. Bestelakoan, erizainak eta administrazioko langileak normaltasunez aritu dira gaur goizean lanean.

  Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT, eta ESK sindikatuek, Lehen Arreta Arnasberritzen plataformarekin batera deitu dute gaurko greba. Apirilean eta maiatzean egin zirenen ondoren, hirugarrena. Lehen mailako osasun arretarako aurrekontua handitzea, profesional gehiago jartzea, lan kargak arintzea eta orokorrean, lan baldintzak hobetzea eskatzen dute, besteak beste. Arazoa konpontzera sartu gabe Osakidetzako ordezkariak planteamendu orokorrak egin dituztela salatzen dute sindikatuek eta Lehen mailako osasun arretan dagoen egoera larriari behin betikoz aurre egiteko asmorik ez dela ikusten gaineratu dute. 

  Orain arte gauzatu diren hiru greba deialdietan Oñatin jarraipen gehien izan zuena apirilekoa izan zen, orduan, anbulatorioko ia mediku gehienak ez baitziren lanera joan. Gaurkoa pediatria zerbitzuan igarri da bereziki, bestelakoan, apenas izan du eraginik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!