Lege Soziologia Institutuko master ikastaroa astelehenean hasiko da
Astelehenean hasiko den Lege Soziologia Institutuko 2015-2016 masterrean 25 ikasle matrikulatu dira oraingoz. Horietako 21ek master-programa bere osotasunean beteko dute eta beste 4k, mintegi solteak. Martxoan ikasturtea amaitu bitartean partaideak gehiago izan daitezke, mintegi solteetan izena emateko epea, ikastaro konkretu hori hasi baino 15 egun lehenago ixten baita. Aurten ez da euskaldunik master-programa honetan. Iaz, aspaldiko euskal partaidetzarik handiena izan zen lau ikaslerekin baina aurten ez da halakorik. Aipagarria da 5 kontinenteetako ordezkariak izango direla Lege Soziologia Institutuan eta ugarienak, hegoamerikarrak direla, Colombia, Venezuela, Mexiko edota Chiletik etorritako sei ikasle izango baitira gurean.
Astelehenean guztiei ongi etorria emango zaie Antixenako egoitzan. Bertan izango dira Adam Czarnota Lege Soziologia Institutuko zuzendari zientifikoa eta master ikastaroaren koordinatzailea. Ondoren “Erretorika, komunikazioa eta negoziazioa” izeneko mintegia hasiko da. Hurrengo astelehenean berriz, hilaren 28an, kreditudun kurtsoak hasiko dira Unibertsitate Zaharrean. Lehenengoa, Joxerramon Bengoetxeak emango du. Bi asteko kurtso intentsiboa izango da. Herria jaixetan izanik ere, ikasleek eskolak goizez hartuko dituzte eta arratsaldean, kale giroaz gozatzeko aukera izango dute.
Jaixak hizpide hartuta aurkezpen txiki bat egingo da irailaren 24an Antixeneko egoitzan Friendship egitasmoko kide guztientzat, kanpotik etorritako ikasle nahiz herrian bertan beraiekin harremana izateko izena emana dutenentzat. Lehen hartu-emana izango da ostegunekoa eta herriko jaiei buruzko azalpenak eman ondoren elkar ezagutzeko afari-merienda egingo dute. Friendship programan parte hartzeko interesa duenak, Susana Arreserekin jarri behar du harremanetan, 943.718885 telefonora deituta.
Oñatiko Lege Soziologia masterra ofiziala da, Madrilgo Hezkuntza Ministeriok onartutakoa alegia. Nazioarteko izaera ere badu, bai ikasle eta irakasleen jatorriari dagokionean eta baita ematen duen titulazioari dagokionean ere, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Milango Unibertsitateak babesten baitute.
Aurreko master ikastaroroko ikasleak bestalde, ari dira dagozkien tesiak entregatzen. Tesien defentsa saioak ondorioz, irailean zehar egiten hasiko dira.
Iturria: Oñati Irratia