Lege soziologia institutuaren 25. urteurreneko Kongresua martxan da jada.

2014/05/21
Sancti Spiritus unibertsitatean egoitza duen institutuak 25 urtetan, nazioartean erreferente izatea lortu duela azpimarratu dute inaugurazio ekitaldian hitza hartu duten erakundeetako ordezkari guztiek.

  Josu Erkorekak Justizia Sailburuak gidatu du Kongresuaren inaugurazio ekitaldia. Bertaratutako guztiei ongi etorria eman ondoren, Jaurlaritzako justizia sailak sorreratik institutuarekin izan duen harreman estua gogoratu du. Alde horretatik, 25. urteurrena ospatzea berri pozgarria dela esan du.

  Iñigo Urkullu lehendakariak, gaurko ekitaldia orain 25 urte institutua sortzeko amets egin zuten haienganako errekonozimendua dela esan du. Euskadin une honetan bizi den kasu paradigmatikoa mahai gaineratu du. Konstituzioa, nahi eta interesen arabera oso xamur aldatzen dela esan du. Lege soziologiak, zuzenbidea eta gizartearen nahien arteko bideak marraztu behar dituela aldarrikatu du lehendakariak.

  Oñatin kokatzen den Nazioarteko Lege soziologia institutuak berriz, gurea bezalako gizarte txiki baina nortasundunak, agertoki globalean zabaltzeko duen beharrari erantzuten diola azpimarratu du Urkulluk.

  Gaitasun hori aitortu diote baita ere, Nekane Balluerka Euskal Herriko Unibertsitateko Nazioarteko harreman erretore ordeak eta Iñigo Lamarka arartekoak. Institutuak, Euskal Herriko unibertsitatearen lema ondo baino hobeto betetzen duela azalduz, hau da, “eman eta zabal zazu” agindua betetzen duela azalduz.

  Arartekoak bestalde, legedia interpretatzeko zer-egina duten berea bezalako instituzioentzat, lege soziologia oinarrizko bitarteko dela adierazi du. Lege soziologia institutua, erakunde ezberdinen elkarlanetik sortu zela ere gogoratu eta goraipatu du arartekoak.

  Horri jarraituz, orain 25 urte egitasmoari eman zitzaion babesa mantentzeko eskaera egin du Mikel Biain alkateak. Nazioarteko lege soziologia institutuan lehenago egon diren ikasle, irakasle eta ikerlariek Oñati eta oñatiarren oroitzapen ona izatea espero zuela esan du alkateak eta hori bere lanetan islatu izana ere espero zuela.

  Hizlari guztiek, Nazioarteko institutua XVI. mendean sortu zen Sancti Spiritus unibertsitatean, Euskal Herriko lehen unibertsitatean kokatu izana azpimarratu dute. Bere sorreratik jakintza zabaltzeko gune izan denak, gaur egun ere, hala izaten jarraitzen baitu.

  Lege soziologia institutuaren 25. urteurreneko Kongresu hau ostiral arratsaldean amaituko da eta bitartean, unibertsitate zaharrean, kultur etxean, udaletxean eta Bake Leku elkartean aldi berean, sei gairen inguruko ponentzia aurkezpen eta hitzaldiak egingo dira. Mundu osotik etorritako 200 lagun baino gehiagok parte hartzen dute lege soziologiaren etorkizuneko erronkak eztabaidagai dituen Kongresu honetan.

Iturria: Oñati irratia