Lazarraga jauregiko lorategia itxita dago eta San Martin zuhaiztiko sarreretan kartelak jarri dira haize bolada gogorrak iragarri direnez, prebentzio neurri gisa.

2014/10/16
Card image cap
Ia ohiko jokaera bihurtu da gurean haize bolada gogorrak iragartzen direnean herriko zuhaiztietarako bidea itxi edo gutxienik arrisku leku direla jakinarazteko oharrak jartzea.

  Euskalmetek abisu horia eman du arratsaldeko 3etatik gauerdira bitartean, hegotik joko duten haize boladek, 100 kilometro orduko abiadura gainditu dezaketelako bereziki haizeguneetan, baina haizegune ez diren lekuetan ere, 50-70 kilometro orduko indarra hartu dezaketen haize boladak aurre ikusten dira. Horrelakoak bereziki arriskutsuak izan daitezke bai mendian baina baita, herri inguruko zuhaiztietan ere.

  Halako haizete gogorrik jasan gabe baina pisu handia izaki, gaitzak jota zegoen zumarra baten adarra apurtu eta jausi egin zen pasa den astean Unibertsitate pareko zelaian. Udal arduradunak arazoaz ohartuta zeuden eta arbolaren kimaketa programatuta zuten baina hartarako denborarik eman gabe, pasa den eguazten goizean esan bezala, erreka kontran dagoen zumarra handiko adar bat apurtu eta jausi zen. Zorionez, ez zuen inor harrapatu. Astelehenean berriz, eta okerrik gerta ez zedin, zumarrako adar handienak moztu ziren arbola indartu eta gaitzari aurre egiteko gai izango delakoan.

  Antzerako prebentzio kimaketa lanak egitea aurre ikusten da herriko beste gune batzuetan: Santa Marina plazan, San Lorentzo inguruan eta Lazarraga Jauregiko lorategian, besteak beste.

  Batzuetan, lorezaintza zerbitzuaz arduratzen den enpresak berak ematen du halako kimatze selektiboak egin beharraren gomendioa. Beste batzuetan, inguruko auzotarrak dira arriskuaz kezkatuta udalera abisua ematen dutenak. Tokian tokiko egoera eta premiak baloratuta, udaleko zerbitzu teknikoek, kimatze zerrenda eta egutegia zehazten dute beti ere, lorezaintzako enpresarekin elkar lanean. Udazkenak aurrera egin ahala eta arbolen zikloa moteldu edo lokartzen den heinean, udaberria hasi bitarteko hilabeteetan egingo dira programatutako kimaketa lanak.

  Halakoak, lehenago ere egin izan dira. Eta iaz esaterako, Postetxe pareko zuhaiztian gaitzak jota zegoen sahatsetako bat bota zen eta Santa Marina plazako zenbait ezki kimatu ziren.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!