Lau salaketa proposamen bideratu ditu udaltzaingoak asteburuan jarritako kontroletan

2021/02/02
Card image cap
Udalerrien itxiera perimetrala urratu izana leporatzen zaie

  Udaltzaingoaren kontrolak hiru puntutan jarri dira asteburuan: Olabarrietan eta Fagor Industrial inguruan, herrirako bi sarrerak zainduz, eta Arantzazurako bidean, Azkoagain parean.

  Bidaiarien jatorria zaintzeko kontrol horietan kanpotik zetozen lagunak identifikatu zituzten udaltzainek eta Oñatin egoteko justifikaziorik ez zuten lau salatu zituzten. Hiruk mendirako asmotan zetozela adierazi zuten eta laugarrenak berriz, autoa bedeinkatzera Arantzazura zetorrela. Covid-19ari aurre egiteko indarrean dauden neurriak urratzeagatik salaketa jaso zuten. Lau salaketa proposamenak Barne sailera bideratu dira, isuna jartzea Eusko Jaurlaritzari baitagokio. Justifikatutako arrazoi barik bizilekua den udalerritik irteteak 300 euroko isuna ekar dezake.

  Errepide kontrolez gain, herri mailako zaintza ere egin dute udaltzainek asteburuan. Ez da aparteko gertaerarik jazo, udaltzain buruak adierazi digunez.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!