Lau lagun aurkeztu dira orain arte aldi baterako kirol begirale izateko.

2014/05/15
Uda kanpainako eskaintzari aurre egiteko udalak hainbat kirol monitore kontratatuko ditu. Izen emate epea bihar amaitzen da.

  Asmoa, mini-tenis, tenis, squash, badminton, eskupilota, jolasak, eskalada, mendiko bizikleta, patinaje, xakea eta multiabentura gidatzeko begiraleak kontratatzea da. Uda kanpainan beste jarduera batzuk ere eskaintzen dira baina horiek, egun kiroldegian dauden monitoreek bideratuko dituzte.

  Zer nolako kirola den kontutan hartuta hartuta, zerbitzua orokor edo espezifiko moduan berezitu dira. Eskalada, mendiko bizikleta eta patinajea kirol zerbitzu espezifikoen atalean jaso dira eta halakoetan begirale gisa aritzeko, esperientzia izatea eskatzen da. Baina orokorrean, udalak aldi baterako beteko dituen kirol begirale lanpostu hauetara aurkeztu ahal izateko, 18 urte beteta izatea, kirolarekin erlazionatutako formakuntza akademikoa izatea eta euskaraz ondo berba egitea eskatzen da.

  Udalak bere aldetik, ekainaren 30etik uztailaren 28ra arteko lan kontratua eskaintzen du. Eta hilabeteko tarte horretan bete beharreko lanaldia, udalak ezartzen duen zerbitzuaren araberakoa izango da, beti ere, datorren astean egingo den behin betiko izen ematean jaso den eskaeraren arabera.

  Lau dira orain arte esan bezala, Uda kanpainan kirol begirale gisa lan egiteko eskaera aurkeztu dutenak. Baina gehiago izatea espero da, horretarako epea bihar eguerdiko ordu bietan amaitzen baita. Eskaerak, udal bulegoetan presentatu behar dira.

  Izena ematerakoan, eskaera orriarekin batera nortasun agiriaren kopia, eskatzen diren tituluen fotokopia, eskaeran aipatzen diren meritu guztien egiaztagiriak eta izatekotan, euskara menperatze mailari dagokion titulazioa aurkeztu behar dira.

  Udaletxean jasotzen diren eskaera guztiak baloratuko dira eta bai formazio akademikoa, lan eskarmentua eta Oñatin erroldatuta egotea, kontutan hartuko dira.

  Uda kanpainan parte hartzeko behin behineko izen ematea amaituta, behin betikoa egiteko datorren astean bakoitzak kiroldegira zein egun eta ordutan joan behar duen zehazten duten zerrendak, arratsaldean zehar jarriko dira Zubikoako iragarki taulan. 

Iturria: Oñati irratia