Lau hautagai aurkeztu dira orain arte kirol teknikari lanpostura

2017/11/02
Card image cap
Kirol zerbitzua indartzeko aldi baterako kontratatuko den teknikari lanpostura presentatzeko epea bihar amaitzen da

  Kirol teknikari lanpostura aurkezteko, jarduera fisikoarekin eta kirolarekin lotutako goi mailako titulazio akademikoa izatea eskatzen da, lizentziatura edo gradua. Euskarari dagokionean berriz, 4. hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izan beharko du. Lan esperientzia eta formazio osagarria bereziki baloratuko dira lehiaketa fasean. Horregatik, guzti hori egiaztatzen duten agiriak, hautaketa prozesura aurkezteko eskaerarekin batera presentatu behar dira.

  Kirol teknikari berriak Eskola kirolaren eredua egokitu, kudeatu eta koordinatzearen ardura izango du, eta udal kirol planifikazio estrategikoaren garapenean lagunduko dio egungo teknikariari, errefortzuko langile gisa. Printzipioz urtebetean garatu asmo den programa gauzatzeko kontratatuko den teknikariak, eskola kirolaren eredu berria egituratzearen ardura izango du. Eskola kirola programaren arlo didaktiko-pedagogikoa diseinatu eta koordinatu beharko du, eskola kiroleko monitoreei formakuntza osagarria eman beharko die, laguntza teknikoa eta lanen koordinazioa eta antolaketa nahiz jarraipena eta ebaluazioa eginez. Era berean, programarako epaileen poltsa osatu eta horiei ere laguntza teknikoa eman beharko die eta eskola kirola programaren barne eta kanpo komunikazioa diseinatu beharko ditu, besteak beste.

  Aldi baterako beteko den errefortzuko kirol teknikari lanpostura aurkezteko epea bihar amaitzen da. Orain arte, lau hautagairen eskaerak jaso dira udal bulegoetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!