Lau ezki berri landatu dira Santa Marina plazan

2020/12/14
Card image cap
Gaixorik zeudelako urrian bota zirenak ordezkatu dituzte

  Pasa den astearen hondarrean hasi ziren urrian hutsik geratu ziren lekuak prestatzen eta lau ezki berriak gaur goizean landatu dituzke.

  Santa Marina plazako 32 ezkien jarraipen zuzena egiten ari da herriko lorategien mantenua egiten duen enpresa. Itxuraz kaltetuen ziruditen zuhaitzen tomografiak egin zituzten eta koloretako irudietan ikusi zen zenbaterainoko kaltea zuten. Lau arbolen enborrak egoera txarrean zeudela ondorioztatuta ipurditik moztu ziren urria erdialdean. Baina ordezkatuko zirela iragarri zen orduan eta lanak gaur bertan burutu dira.

  Ez da lehen aldia Santa Marina plazan ezki arbola berriak landatzen direla. Orain urte batzuk dela, berez galdutako edo moztu beharreko arbolen ordezkapena ere egin zen. Baina plaza barrenean zegoen eta adar handi bat puskatu zitzaion arbola izan ezik, orduan ordezkatu zirenak ez zeuden hain leku ikusgarrian eta askorentzat oharkabean pasa zen landaketa hura. Oraingoan, berriz, plaza barrenean edo Kultur etxe aldera ematen duten lau lekutan aldatu dira ezki berriak, tamainaz handiak ziren beste lauren ordezko.

  Landaketa berri hauekin ezki arbolez mugatuta dagoen Santa Marina plazaren itxura eta ezaugarria gorde nahi izan da. Aurrerantzean ere, 32 ezki arbolez inguratuta jarraituko du erdiguneko plaza ezagunak. Gaixorik eta kaltetuen zeuden lau ezkiak ordezkatzeko lanak egin dira baina arazoak sortu ditzaketen beste 9 arbolen egoera zaintzen jarraituko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!