Lau enpresa-proiektu garatzen hasi dira titulatu berrientzako beka programaren babesean

2016/01/15
Card image cap
Udalaren beka programa honek herriko titulatu berriak enpresekin elkarlanean jartzen ditu

  Udalak 2015ean abian jarri zuen titulatu berrien beka programa honen helburua bikoitza da, Oñatiko titulatu berriei lehen lan esperientzia kualifikatua erraztea batetik, eta bertako enpresei titulatu berrien gaitasun profesionala ezagutzeko aukera ematea bestetik. Horretarako Udalak herriko titulatu berrien poltsa osatu zuen eta aldi berean, herriko enpresek garatu asmo dituzten proiektuak jaso zituen. Biak elkar lotuz, lau lagun lanean hasi berri dira.

  Magnet Kooperatiban, software eta aplikazioen interfaze grafikoa lantzen ari da Amaia Guridi Bikuña; Lana kooperatiban, ISO 9001 normaren eguneraketa egiten hasi da Alain Anton Alcala; Kepa Aranbururen enpresan aktibitatea zentratu eta indarberritzeko proiektua landuko du Jon Irizar Arangurenek, eta Altuna Hermanos enpresan berriz, kalitatearen kudeaketa eta kontrolerako sistemaren ezarpenerako proiektua gauzatuko du Josu Millas Trisek. Laurek, beka izaerako ordainsaria jasoko dute praktika ez laboralak egitearen truke. Horretarako, Udalak eta kasu bakoitzean elkartu diren enpresa eta lizentziatu berrien artean beka hitzarmena sinatu dute. Proiektuak sei hilabetez landuko dira, urtarrilaren 1ean hasi eta ekainaren 30ean amaituz.

  Udalak iaz onartu zuen titulatu berrientzako beka programa honen babesean, bekadunak, eguneko 6 orduko lan jarduna beteta 600 €-ko ordainsaria jasoko du hileko. Proiektuaren jabe den enpresak ordainduko dio bekadunari hilero eta proiektua bukatu eta ordainketa horiek justifikatutakoan, Udalak ordainduko dizkio enpresari bekadunaren ordainsarien gastuak.

  2015eko titulatu berrien beka programa honen babesean, aurrez beste bi hitzarmen ere sinatu ziren, nahiz eta ez ziren guztiz gauzatu. Parte hartu behar zuten titulatuek, lana topatu eta uko egin baitzuten. 2016. honetan ere,  beka programarekin jarraitzeko asmoa du Udalak. Horretarako dagokion deialdia egingo du. Debagoieneko Mankomunitateak badu, Europako Fondoen bitartez goi mailako ikasketak dituztenei zuzenduta antzerako programa bat martxan jartzeko asmoa. Koordinazio lana egin beharko da beraz, bi programak elkarren osagarri izan daitezen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!