Lau arbola botako dira Santa Marina plazan

2020/10/13
Card image cap
Gaixotutako ezkien ordez beste horrenbeste landatuko dira azaroan

  Herriko lorategien mantenua egiten duen enpresak jarraipen berezia egin die Santa Marina plazako 32 ezkiei. Tamaina ezberdineko arbolak dira, txikiak, ertainak eta handiak, landatu ere, garai ezberdinetan landatu direlako. Baina bereziki handien adarrak apurtu eta erori izan dira. Horregatik, martxoan egin zen batzarrean, kimatze lan prebentiboak egin eta usteldurak zituzten arbolen jarraipena egitea adostu zen udal arduradunekin.

  Kimatze lanak egiten ari zirela bost zuhaitzen egoera pentsatu baino okerragoa zela ikusi zuten lorezainek, usteldura larriak baitzituzten. Arazoak sortu zitzaketen 13 arbola handienei tomografia egin zaie, enborren barruko egoera zein den zehatzago jakiteko. Tomogafiako irudietan kolore kode batez enborraren gogortasuna azaltzen da. Proba lurretik 30 zentimetrotara egin da eta arbola baten kasuan, bigarren bat ere egin da, 150 zentimetrotara.

  Kezka eragiten zuten bost arboletako batek enborra ondo duela azaldu du tomografiak, alegia, ez duela usteldura larririk, baina adarretan ikusten diren usteldurak ezin direla gutxietsi. Kasu honetan, arbola mantentzea eta dagokion garaian kimatzea gomendatu da, adarrak apurtzea saihesteko. Beste lau kasutan, enborrak egoera txarrean daudela erakutsi dute tomografiek eta ipurditik moztea erabaki da. Bihar bertan hasiko dira Santa Marinan gaixorik dauden lau ezkiak botatzen. Tokoiak ere atera egingo dira. Botatako arbolen lekua ez da hutsik utziko, lau ezki berri landatuko baitira,  azaro aldean. Lanek, 2.500 euroko aurrekontua dute, BEZ kanpo.

  Santa Marina plazak egun duen irudi eta berezitasuna mantentzea da birlandatze lanen helburua. Aurrerantzean ere, egun dituen 32 ezki arbolez inguratuta jarraituko du erdiguneko plaza ezagunak.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!