Oñatiko udala

Larunbatetako azoka sustatzeko irudi berria sortu eta ekintza bereziak antolatu dira

2018/09/06
Card image cap
Bezero berriak eta bertako ekoizleak erakarri nahi dira

  Larunbateko azoka biziberritzeko helburuz, udala eta bertako ekoizle-saltzaileen artean elkarlan dinamika bat sortu da azken hilabeteotan.  Hasieran asmoa herriko ekoizleek azokaren inguruan zeuzkaten kezkak jaso eta erantzutea zen, baina berehala, azoka biziberritzeko beharra ikusi zen. Taldea lanean hasi zen eta sortutako sinergiek hainbat ideia lantzeko aukera eman dute, lehena, eta ikusgarriena, azokak izango duen irudi berria: aniztasuna eta mugimendua adierazten duten koloreetako borobilen gainean agertzen den zesto zuriak irudikatuko du larunbatetako azoka, alboan,  Berdura PLAZIA irakurri daitekeelarik.

  Sortu berri eta laster ezagun bihurtuko den irudi adierazkor horrez gain zapatutako hitzordu eta gunea dinamizatu nahi dira, horretarako, ekintza programa berezia antolatzen ari dira, hori ere, elkarlanean. Berdura plazan zozketak eta kultur ekimenak egitea aurre ikusten da eta bezeroei opariak banatzea, besteak beste. Helburua, herritarrak azokara erakartzea da eta aldi berean, herriko ekoizleak ere animatzea beren produktuak bertan saltzera eraman ditzaten. Alegia, azoka sustatu eta aberastea.

  Asteko azoka larunbat goizero egiten da plaza ondoko merkatu gunean. Iraileko azken zapatuan ordea ez da egingo, San Migel eguna izaki, hau da, jai eguna, bezperara, ostiral goizera aurreratuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!