Larrialdietarako udal laguntzen 2019ko deialdia argitaratu da

2019/02/13
Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak bete ezin dituen eskaerak osatzen ditu Udalak

  Gizarte bazterketa arriskuan dauden herritarrei ematen zaizkien dirulaguntzak Eusko Jaurlaritzaren eskumenekoak dira. Baina gobernuak dituen baliabideak ez dira nahikoak eskaera guztiei erantzuteko. Hori dela eta, udalak, partida ekonomiko bat aurreikusten du urtero, Jaurlaritzaren aurrekontu esleipenak bete ezin dituen Oñatiko eskaerei erantzuteko. Eusko Jaurlaritzak Oñatin sortzen diren beharrei erantzuteko ia 49.000 euro jartzea aurreikusten da aurten, eta udalak, 120.000 eurora arte osatuko luke laguntza poltsa hori.

  Gizarte-larrialdietarako laguntzak jasotzeko baldintzak Eusko Jaurlaritzak zehazten ditu. Gizarteratzeko eta diru sarrerak bermatzeko laguntzen atalean, gizarteratzen laguntzeko eta bazterketa prebenitzeko tresna gisa planteatzen dira gizarte larrialdietarako laguntzak. Prestazio ekonomiko hauek ez dira aldizkakoak eta dirulaguntza gisa ematen zaizkie gastu espezifikoei aurre egiteko nahikoa baliabide ez dituzten pertsonei, gizarte bazterkeria prebenitu, saihestu edo arintzeko. Dirulaguntza hauek energia eta mantentze gastuetarako, etxearen alokairurako, edo beharrezkoak diren altzari edo etxetresnak erosteko eman ohi dira. Beti ere, gehienezko muga batez. Laguntza hauek diru sarrera txikiak izan eta gizarte bazterketa arriskuan dauden pertsonei zuzenduta daude. Alde horretatik, eskatzailearen gehienezko ondarea ere mugatuta dago.

  Martxoaren 30a baino lehen aurkezten diren eskaeren kasuan, eta laguntza jasotzeko eskubidea badute, laguntzek, urtarrilaren 1etik aurrerako efektua izango dute. Apiriletik aurrera aurkezten direnetan berriz, ordutik aurrerako efektua izango dute. Larrialdietarako udal laguntzen inguruko argibideak Ongizate Zerbitzuetan ematen dira, Bidebarrieta kaleko 12ko bulegoetan.

Iturria: Oñati Irratia