Lapurreta egin zuten atzo Bidebarrietako Laket dendan eta Boga tabernan

2016/01/05
Card image cap
Laketetik, lurrin produktu ia guztiak eraman zituzten eta Bogatik, diru kutxa

  Lapurretak, domekatik astelehenera arteko gauean gertatu ziren. Lapurrak lasai ibili ziren, metalezko pertsiana edo itxiturak apurtuta sartu baitziren bi lokaletara.

  Bidebarrieta kalean dagoen Laket dendan, sarrera babesten duen pertsiana moztu eta jaso zuten eta ateko sarraila kenduta sartu ziren. Lapurrek perfumeria saila hustu egin zuten eta erloju kaxa eta poltsa batzuk ere hartu zituzten. Lapurreta eginda, sarraila berriro jarri eta pertsiana jaitsita utzi zuten. Horretxegatik, goizean, dendako arduraduna joan zen arte inor ez zen konturatu lapurreta egin zietenik. Boga tabernara berriz, atzealdetik, erreka aldera ematen duen leiho batetik sartu ziren lapurrak. Leihoko burdin hesia apurtu zuten eta diru kutxa, zegoenetan, eraman zuten. Dirua eta kaleetako postuetan jarri ohi diren produktuak, lurrin eta poltsak beraz lapurtu zituzten, xamur saltzen diren produktuak alegia. Orain zazpi bat urte ere Laket dendan, Lazarragako lokalean, lapurreta egin zieten eta orduan ere, antzerako produktuak, salgai errazak eraman zizkieten.

  Ertzaintza arduratzen ari da ikerketa lanez.

  Azkenaldian halako lapurretarik ez zen gertatzen gurean baina badirudi, inguruetan, bereziki Arrasaten, denda eta etxebizitza partikularretan lapurreta kasu ugari gertatzen ari dela. Horretxegatik, eta bereziki etxe jabeei zuzenduta, irteterakoan, giltzari buelta emateko aholkua duten oharrak jarri dira kaleetan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!