Oñatiko udala

Lapurreta egin zieten Errekaldeko jai batzordeko kideei zapatu goizean

2019/05/20
Card image cap
5.000 bat euro txanponetan eraman zituztela uste da

  Kale-garbitzaileak izan ziren udaltzaingora abisua eman zutenak. Ingurua garbitzen ari zirela, Errekaldeko eskola txikitik irten ziren bi lagun ikusi zituzten baina jai batzordekoak zirela pentsatu zuten eta ez zieten susmorik eragin. Gerora ordea, lokaleko kanpoko eta barruko ateak apurtuta zeudenaz ohartu ziren eta udaltzainei abisua eman zieten. Jai batzordeko ordezkariak ere berehala hurbildu ziren eta lapurreta salaketa jarri zuten. Zenbat diru lapurtu dieten zehatz-mehatz esaterik ez baina 5.000 bat euro txanponetan eraman zituztela kalkulatzen dute.

  Berria berehala zabaldu zen sare sozialen bidez. Errekaldeko jai batzordekoek beraiek publikoki salatu zuten zenbaitek ez dutela ulertzen auzo jaien izaera. Eta jasotako kolpeari buelta emateko, herritar guztiak gonbidatu zituzten zapatu eta domekako jai-ekintzetan parte hartzera. Beste auzo-jaietako antolatzaileen babesa izan zuten berehala, San Migel Txikitako batzordearena, esaterako, eta baita herritarrena ere. Asko izan zirelako jai-gunera eta txosnara hurbildu zirenak.

  Errekaldeko jai batzordeak jai-gunean dagoen eskola txikiko lokala erabili ohi du biltegi moduan. Bertan gordetzen zituzten txosnako diru-kutxako txanpon edo kanbioak. Baina Ganbara kantu eskolakoen lokala ere bertan dago, eta lapurrak hauen lokalera ere sartu ziren, ez zuten ordea bertatik ezer eraman, dirurik ez baitute izaten.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!