Lantokiko praktikak euskaraz egin ahal izateko sustapen kanpaina abiatu du Debagoieneko Mankomunitateak

2016/02/10
Card image cap
Alkateak sinatutako parte hartze gonbidapen gutunak bidali dira herriko 75 enpresetara

  Debagoienean Lanbide Heziketan 866 ikasle ari dira D ereduan ikasten, erdiak, praktikak egiten hasiko dira datozen egunotan. Debagoieneko ikasleen %83 gai da praktikak euskaraz egiteko. Oñatin, berriz, Larraña Institutuan eta Enpresagintza fakultatean eskaintzen diren lanbide zikloetan 125 ikasle ari dira ikasketak euskaraz egiten. Eta horien erdiak ere izango dira datozen egunotan enpresetara praktikak egitera joango direnak.

  Lanbide praktikak euskaraz egin ahal izateko Orain duzu aukera! izeneko sustapen kanpaina abiatu du Mankomunitateak. Propio argitaratu den esku-orrian, hizkuntza normalizatzeko planak dituzten Debagoieneko Lanbide Heziketako ikastetxeen zerrenda jasotzen da baina baita euskarari lotutako hainbat kopuru edo zifra ere. Hara nola, euskara, Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinaren % 4,2 dela; euskarak, urtean 2800 milioi euro mugitzen dituela edota, Gipuzkoako Foru Aldundiak, 120.000 €ko diru laguntza banatuko duela enpresen artean Lanbide Heziketako praktikak euskaraz egitearren. Beraz, ikasleari praktikak euskaraz eskaintzeak, diru laguntza horiek eskuratzeko aukera ematen die enpresei, eta aldi berean, enpresa euskaldunduz inguruko komunitatearekiko zerbitzua hobetzeko aukera ere bai.

  Oñatiko Udalak eskualde mailako egitasmo honekin bat egin du eta Mankomunitatearen kanpainaren berri herriko enpresei jakinarazi zaie alkateak sinatutako gonbidapen idatzi baten bidez. Mikel Biainek sinatu duen gutunean, Foru Aldundiak ematen dituen diru laguntzez gain, Eusko Jaurlaritzak babesten duen Lanhitz programa ere aipatzen da, hau da, enpresak euskalduntzeko egitasmo berezia. Lantokiko praktikak euskaraz eskaintzera animatu daitezen, 75 gonbidapen gutun bidali dira herriko enpresetara.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!