Oñatiko udala

Langabeziak pitin bat behera egin du urteko lehen hilabetean, bereziki, 25 urtetik gorako emakumeen taldean egin du behera langabeziak Oñatin.

2015/02/04

  Urtarrila amaieran 455 oñatiarren eskaerak jaso zituzten Lanbideko bulegoetan, hau da, abendu amaieran baino 5 gutxiago. Eta titularrean esan bezala, langabeziaren beherakada bereziki, 25 urtetik gorako emakumezkoen artean eman zen, adin tarte horretan 18 langabetu gutxiago kontabilizatu baitira azken hilabetean. Horrek noski adierazten du herriko gizonezkoen artean langabeziak gora egin duela.

  Aipagarria da urtarrilean normalean langabeziak gora egin ohi duela gurean, Gabonetako kanpaina eta aldikako lan kontratuak amaituta lanik gabe geratu diren lagunek Lanbideko bulegoetara jotzen baitute. Baina 2015ean behintzat ez da hala gertatu Oñatin eta langabetuen kopuruak, pitin bat baina behera egin du. Orokorrean, hori bai, Hego Euskal Herrian langabezia igo egin da urtarrilean.

  Eskuratu berri ditugun langabezia datuak bereziki esanguratsuak dira orain urtebete jaso genituenekin alderatzen baditugu. 2014an zehar sarritan aipatu genuen, urtebete lehenagoko datuak hobetzen zirela eta urtarrilean ere aldea nabaria da, orain urtebete baino 30 langabetu gutxiago baitaude Lanbiden izena emanda. Horrek urteko langabezia tasa, 60 ehunenekotan jaisten duelarik. Une honetan, langabezia tasa Oñatin, %8.67 da.

  Iazko urtarrileko datuekin alderatuta gainera esan genezake, azken urtebetean gizonezkoen langabeziak egin duela behera, 2014an baino 26 gizon gutxiago agertzen baitira Oñatiko langabetuen artean.

  Azken hilabeteko datuak dira horiek. Tentuz hartu behar diren datuak ez ohikoak izan direlako eta urteetako eta inguruko joera nagusia apurtzen dutelako.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!