Langabeziak nabarmen behera egin du azken hilabetean Oñatin, abuztuan baino 46 langabetu gutxiago erregistratuta

2016/10/05
Card image cap
Azken 5 urteetan neurtutako langabezia tasa baxuena dugu une honetan, % 7

  Irailak, ez-ustekoa eman du berriro langabeziari dagokionean gurean. Orokorrean, Hego Euskal Herrian gora egin duen arren, Oñatin nabarmen murriztu da. Abuztuan baino 46 langabetu gutxiago erregistratu dira herrian. Horrek, urteko kopuru txikienera eraman gaitu. Une honetan Oñatin 371 langabetu daude eta herriko langabezia tasa, % 7.06 da, 2011 amaieratik neurtzen den tasa baxuena.

  Historikoki, iraila hilabete ona izan ohi zen Oñatin langabezia murrizteko. Herriko enpresa batzuk Gabonetako kanpainari eta urteko azken eskaerei erantzun ahal izateko, aldikako kontratuak udazken hasieran egiten baitzituzten. Baina joera orokor hori 2013an apurtu zen eta hiru urtez abuztuan baino langabe gehiago erregistratu dira irailean. Aurten, berriro apurtu da langabeziak behera eginez.

  Langabeziak, gizon nahiz emakumeen artean eta adin tarte guztietan egin du behera azken hilabetean. Eskuratu ditugun azken datuak oso onak diren arren, tentuz hartu behar dira. Lanbide Enplegu Zerbitzutik hilero jasotzen ditugun kopuruetan gora beherak etengabeak dira eta horren adibide, abuztuan, uztailean baino 35 langabetu gehiago erregistratu zirela Oñatin.

  Orokorrean, Hego Euskal Herrian langabeziak gora egin du azken hilabetean, 1385 langabetu gehiago zenbatu dira. Hala ere, langabe gehiago ez ezik, langile gehiago ere erregistratu direla esan behar da, hau da, afiliazioak gora egin duela. Aurreko hilean baino 4184 lagun gehiago baitaude Gizarte Segurantzan kotizatzen. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!