Langabeziak gora egin du uztaila eta abuztuan Oñatin

2017/09/05
Urtarrilean hasi zen beheranzko joera iraulita, apirileko mailetara itzuli eta % 6tik gora kokatu da berriro

  Urteko lehen sei hilabeteetan herriko langabezia murriztuz joan da, maila handiago edo apalagoan. Hala, ekainean, aspaldiko urteetako tasarik baxuena neurtu zen: % 5.4. Beste era batera esanda, 284 langabetu zenbatu ziren Oñatin. Udako kontratazioak aipatu genituen orduan. Baina halakoek epe muga laburra izaten dute eta argi gelditu da uztaileko eta bereziki abuztuko langabezia datuak jasotzerakoan, uda beteko bi hilabete hauek pasata 46 langabetu gehiago zenbatu baitira Oñatin, 330 langabetu hain zuzen ere, abuztuaren 31ko dataz. Horrek, herriko langabezia tasa % 6tik gora kokatu du berriro, maiatza, ekaina eta uztailean behetik mantendu zen arren. Oñatiko langabezia tasa % 6.28 da, une honetan.

  Adin tarte guztietan eta gizon nahiz emakumezkoen artean egin du gora langabeziak azken bi hilabeteotan. Gurean urtero errepikatzen den joera da; ekainean lan kontratu ugari egin ohi dira baina uztaila, abuztua eta irailean amaitu ohi direnez, hiru hilabete horietan langabetuen kopuruak gora egiten du. Beraz, aipatzen dugun goranzko joerak seguruenik jarraipena izango du hasi berri den hilabete honetan.

  Une honetan, langabezian dauden 330 oñatiar horietatik  193 emakumezkoak dira eta 137 gizonezkoak. Orain urtebeteko datuei erreparatuz gero berriz, egoera dezentez hobea da, iazko abuztu amaieran 417 langabetu zeudelako herrian eta langabezia tasa egungoa baino % 1.60 altuagoa zen.

  Debagoienean eta Gipuzkoan, orokorrean ere,  langabeziak gora egin du abuztuan. Beste horrenbeste gertatu da Araba eta Bizkaian. Nafarroan berriz, jaitsi egin da langabetuen kopurua.

Iturria: Oñati Irratia