Langabeziak gora egin du Oñatin urtarrilean

2021/02/02
Card image cap
Emakume langabeen kopurua hazi da, gizonezkoena aldiz, murriztu

  Urtarrilean langabeziak gora egin ohi du gurean, Gabonetako kanpainarako egin diren kontratu asko abendu-urtarrilean amaitzen baitira eta urteko lehen hilabeteetako langabezia datuetan islatzen da. Une honetan 409 langabe daude Oñatin, abenduan baino 4 gehiago, SEPEren arabera. Langabeziak gora egin du, baina ez askorik. Covid-19rik ez zen 2019an esaterako, 13 langabe gehiago erregistratu ziren eta iazko urtarrilean abenduan baino langabe bat gutxiago baina otsailean 28 gehiago izan ziren. Beraz, orain otsailean gorakadak jarraipena izan dezakeela pentsa genezake. Hil akaberan ikusiko da. 

  Jaso berri ditugun langabezia datuetan aipagarria da erregistratu den gorakada emakumeen artean gertatu dela, emakume langabeen kopuruak gora egin baitu Oñatin eta aldiz, behera, gizon langabeena. Adinka, 44 urte arteko gizonezkoen artean langabezia murriztu da, abenduko datuekin alderatuta. Emakumeen artean, adin talde guztietan egin du gora lanik gabe daudenen kopuruak. Azken datu honek irauli egin du aurreko hilabeteetan azpimarratu dugun joera, alegia, langabezian dauden herriko gizon eta emakumeen tasak parekatzera doazeneko joera. Une honetan, lanik gabe dauden 100 oñatiarretatik 56 emakumeak dira, abenduan 53 ziren.

  Urtarrileko kopuruak iazkoarekin konparatzen baditugu aldea handia da: 83 langabe gehiago daude herrian eta tasa, bi puntu eta erdi handiagoa da une honetan. Oñatin, 409 langabe erregistratuta daude, esan bezala, eta langabezia tasa % 7,52 da.

  Hego Euskal Herrira begira jarrita urtarrilean 2.578 langabe gehiago erregistratu dira enplegu bulegoetan. Guztira, 172.455 langabe daude. Eta aipatzekoa da beste 39.882 langile berriz, aldi baterako enplegu erregulazioan daudela. 
Urtarrilean bestalde, ohikoa izaten den Gizarte Segurantzak milaka afiliatu galtzea, Gabonetan zerbitzu batzuetako kontratatutako langile askok lan egiteari uzten baitiote, lehen esan bezala. 2021eko urtarrila ez da salbuespena izan, eta jaitsiera handia izan da kotizatzaile kopuruan: abenduan baino 10.925 gutxiago Hego Euskal Herrian. Eroriko handia da hori ere, baina azken urteetako batez bestekoaren azpitik dago.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!