Langabeziak gora egin du berriro urtarrilean

2017/02/02
Card image cap
Oñatiko 7 langabetu gehiago erregistratu dira Lanbide bulegoan azken hilabetean

  Ez da aparteko sorpresa izan langabeziak gora egin izana. Gurean,  urtarrilean gertatu ohi den joera da, kontratu asko urtearekin amaitzen baitira. Abenduan jada, egoera hori azpimarratu genuen aurreko hilean baino 23 langabetu gehiago zenbatu zirelako. Urtarrilean, joerak jarraitu du baina ez hain modu nabarmenean, 7langabetu gehiago kontabilizatu baitira. Udazkeneko lan pilaketari aurre egiteko kontratu asko azaroa-abenduan betetzen dira eta lanik gabe geratu diren lagunak abendu-urtarrilean joaten dira enplegu bulegora izena ematera. 2016a beraz, ez da berezia izan alde horretatik eta langabetuen kopuruak gora egin du gurean.

  Oñatin lana topatu ezinda 392 herritar daude une honetan. Aipagarria da, 45 urtez gorako gizonezkoen artean eta 25 urtez beherako emakumeen artean, langabetu kopuruak pitin bat behera egin duela baina gainontzeko adin taldetan bai gizon eta baita emakumezkoen artean gora egin du, eta bereziki, 25- 44 urte arteko emakumeen artean. Horiek, abenduko datuekin konparatuta. Orain urtebeteko datuak hartzen badira, egungo egoera hobea da, iazko urtarrila amaieran aurtengoan baino 24 langabetu gehiago baitzeuden Oñatin eta langabezia tasa  puntu erdi handiagoa zen, % 7, 92, hain zuzen. Atentzioa ematen du orain urte bete lana topatu ezinean zeuden gizonezkoen kopurua egungoaren kasik parekoa zela, 167 orduan eta 168 gaur egun. Horrek adierazten digu emakumezkoen langabeziak nabarmen behera egin duela urtebeteko tarte honetan.

  Hego Euskal Herrian ere langabeziak gora egin du azken hilabetean. Abenduan baino 4101 langabe gehiago daude Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroan. Igoera, gehiago edo gutxiago, herrialde guztietan gertatu da. Debagoienera begiratuta, berriz, Oñatin bezala, Aretxabaletan eta Elgetan langabetu kopuruak gora egin duen arren, orokorrean, eta eskualde mailan,  behera egin du langabeziak. Jaitsiera apala izan da, 8 ehuneneko besterik ez, baina jaitsi egin da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!