Langabeziak gora egin du berriro Oñatin.

2015/01/08
Azaroko jaitsiera ia neutralduta 460 langabetuekin amaitu genuen 2014a. Langabezia tasa, % 8,76ra igo da berriro.

  2014a urte gorabeheratsua izan da langabeziari dagokionean gurean. 2013ko datuak hobetu dira orokorrean baina  zenbait hilabetetan antzeman den murrizteko joera sendotu ezinda dago oraindik. Iazko otsaila izan zen langabetu gehien zenbatu ziren hilabetea, 500 lagunekin. Gainontzeko hilabeteetan, hortik beherako kopuruak eman dira baina beherako joera nagusitu gabe. 2013an zehar 9 hilabetetan joan zen 500dik gora Oñatiko langabetuen kopurua, alde horretatik beraz, 2014a urte hobea izan da, baina gora behera txikiekin 440 eta 500 artean mantendu da urte osoan. Langabezia, “estankatuta” edo dagoela azpimarratu digu Jesus Mari Ugartek, udaleko enplegu teknikariak.

  2014ko langabezia datuen ikuspegi orokor horretan, inguruko herriekin ere konparatu dugu Oñati. Enplegu egoera hobea da gurea baina adi, Debagoiena Gipuzkoako gainontzeko eskualdeekin alderatuta, egoera okerragoan baitago orain.

  Titularrean esan bezala, azaroan azpimarratu genuen langabeziaren jaitsiera kasik neutraldu egin da azken hilabetean, eta urritik azarora, 26 langabetu gutxiago kontabilizatu zirela esan bagenuen, azarotik abendura, 17 gehiago zenbatu dira.

  45 urtez gorako emakumeen artean egin du bereziki gora langabeziak abenduan zehar, 21 emakume langabetu gehiago erregistratu baitziren Langaiko bulegoetan. 25 urtez azpiko gazteen artean berriz, erregistratutako lagunen kopuruak behera egin du, 5 gutxiago zenbatu ziren. Aipagarri da hala ere, gazteak ikasketa epealdia luzatzen ari direla eta ondorioz, lan merkatura beranduago sartzen ari direla. Kontutan hartu behar da gainera, demografikoki, 90. hamarkada hasierako jaiotze tasak aurreko urteetakoak baino bajuagoak direla, alegia, kinttada txikieneko gazteak direla lan merkatura sartzen ari diren horiek.

  2014ko langabezia datuek orokorrean, 2012ko mailara eraman gaituzte. Ikusi egin beharko dugu 2015ean, enplegu berri sendorik sortzen ote den.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!