Langabeziak gora egin du azken hilabetean Oñatin.

2011/12/16
Urrian baino 12 langabe oñatiar gehiago zeuden Lanbideko bulegotan izena emanda. Bereziki gizonezkoen langabezia hazi da.

  Enplegu zerbitzuak kaleratu dituen azken bi hilabetetako datuetan oinarrituta, Oñatin, azaro amaieran urrian baino 12 langabetu gehiago zeuden, 11 gizonezko eta emakumezko bat gehiago. Emakume langabetuen kopurua beraz, kasik, urria amaierako mailan mantendu den arren, gizonezkoenak nabarmen gora egin du, ia ehuneko 9 gora, 30 eguneko tartean.

  Une honetan, Oñatiko langabezia tasa 6,04 da. Aipagarria da azaroko datuak kasik urte osoan mantendu den jaitsiera joera apurtu egin duela.

  Pasa den martxoan eta abuztuan ere, Oñatin lana topatu ezinda zeudenen kopuruak gora egin zuen. Baina hurrengo hilabeteetan, langabeziak behera egin ez ezik, aipatu hilabeteetako igoera neutraldu zen. Abendu amaieran egoera errepikatuko ote den, ikusteko dago.

  Langabetuen adinari erreparatuta, bereziki, 25 eta 44 urteko langabetuen taldea handitu dela, eta aldiz, 45 urtetik gorakoenen artean, langabeziak behera egin duela. Fenomeno hori, bai gizonezkoen nahiz emakumezkoen artean gertatu da.

  Langabeziak gora egin du azken hilabetean Oñatin, baina baita Debagoienean eta Gipuzkoa osoan ere.
Eskualdeko herri guztietan, azaro amaieran, urrian baino langabetu gehiago erregistratu ziren. Orokorrean, 95 lagun gehiago.

  Gipuzkoan ere, lana topatu ezinean zeuden lagunen taldea hazi egin zen, ia 800 langabetuen aldea, urritik azaroa bitartean.

  Lanbidetik eskuratu ditugun azken datuen arabera, Oñatin, 327 langabetu daude.


Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!