Langabeziak gora egin du abuztuan Oñatin

2016/09/05
Card image cap
Apirilean hasi zen beheranzko joera iraulita, martxoko kopuru berberera itzuli da bost hilabeteren ondoren

  Apiriletik ekainera, herriko langabezia, nahikoa motel baina murriztuz joan ondoren, uztailean, nabarmen egin zuen behera. Aurreko hilean baino 21 langabetu gutxiago zenbatu ziren. Horrek esanahi du, apirila amaieratik uztaila amaierara, Oñatiko 36 langabetu gutxiago erregistratu zirela Lanbideko bulegoetan. Baina abuztuan egoera guztiz irauli da eta hilabete bakarrean, aurreko lautan behera egin duen maila berean egin du gora langabetuen kopuruak. Martxo amaierako kopuru berberera itzulita, une honetan, 417 langabetu daude Oñatin. Eta horrela, azken urteetan esaten ari garena errepikatu behar dugu, alegia, gora behera txikiak izanik ere, enplegua berreskuratu eta sendotu ezinda dagoela gurean. Aipagarria da gainera, martxoan eta orain abuztuan izan den langabezia tasa, % 7.96, herrian azken urtebetean neurtu den bigarren altuena dela. Altuena, iazko irailean neurtu zen % 8.09 da. Izan ere, abuztua eta iraila, langabeziak gora egiten duen bi hilabete izaten baitira gurean. Beraz, ohiko joera horrek huts egiten ez badu, pentsa liteke, hilabete honetan ere, langabetuen kopurua hazi egingo dela, baina hori, hile akaberan jakingo dugu.

  Une honetan, langabezian dauden 417 oñatiar horietatik  245 emakumezkoak dira eta 172,  gizonezkoak. Edo beste era batera esanda, kasik % 59a emakumezkoak dira.

  Debagoienean eta Gipuzkoan, orokorrean ere,  langabeziak gora egin du abuztuan. Beste horrenbeste gertatu da Araba eta Bizkaian. Nafarroan berriz, jaitsi egin da langabetuen kopurua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!