Oñatiko udala

Langabeziak behera egin du Oñatin, ekainean ohikoa denez

2019/07/02
Card image cap
6 langabe gutxiago zenbatu dira eta 300eko langaren azpitik kokatu da, aurten bigarren aldiz

  Langabeziaren beheranzko joerari eusten zaio gurean eta ekainean ohikoa denez murriztu egin da langabeen kopurua, 295 lagun zenbatuz. Hau da, maiatzean baino 6 gutxiago. Ekaina hilabete ona izan ohi da Oñatin, langabeziari dagokionean. Udako lan kargari erantzun ahal izateko kontratu berri ugari egiten dira. Ikasten ari diren gazteak izan ohi dira udako oporrak betetzen dituzten aldikako langileak eta hori ere herriko datuetan islatu da, bereziki 25 urtez azpiko gizon eta emakumeen artean murriztu baita langabezia. Adin tarte horretan maiatzean baino 11 langabe gutxiago zenbatu dira ekaina amaieran. Txanponaren bestaldean, 25 eta 44 urte bitarteko gizonezkoen taldea dago, gora egin baitu langabe kopuruak azken hilabetean. Eta guztiaren ondorioz, 300neko langaren azpitik kokatu da aurten bigarren aldiz langabeen kopurua; martxoan gertatu zen eta ekainean errepikatu da.

  Orain urtebeteko datuekin alderatuta ordea, argazkia ez da hain ona, iazko ekainean baino langabe bat gehiago  baitzegoen aurtengoan Oñatin. Apenas dago alderik, baina urtebete pasa da. Gainera, aurten sarritan azpimarratu dugun fenomenoa ikusi dugu 2018 eta 2019ko ekaineko datuak parez pare jarrita, alegia, langabezian dauden emakumeak gehiago direla proportzioan. Iazko ekainean lanik gabe zeuden 100 oñatiarretatik 59 emakumeak ziren eta aurtengo ekaina amaieran berriz, % 62 ziren.

  Ikuspegia zabalduz, Hego Euskal Herria mailan ere langabeziak behera egin du ekainean eta maiatzean baino 3.417 langabe gutxiago zenbatu dira. Murrizketa lurralde guztietan gertatu da. Gipuzkoan murriztu da gehien,  %3,8 txikituz;  Nafarroan, %2,84 jaitsi da; Araban, %1,86, eta Bizkaian, %1,6. Guztira, 141.719 lagun ari da lan bila Hegoaldean.

  Oñatin, une honetan 295 langabe dago eta langabezia tasa %5,42 da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!