Langabeziak behera egin du azken hilabetean gurean.

2014/04/03
Jaitsiera apala izan da baina 45 urtez azpikoen artean eman da, bai gizon eta emakumeen artean.

  Martxo akaberan otsailean baino 7 langabetu gutxiago zegoen Oñatin, Lanbideko datuen arabera. Horrek, langabezia tasa 15 ehuneneko murrizte ekarri du. Jaitsiera apala izan den arren, aipagarria da, 45 urte arteko langabetuen artean gertatu dela eta bai gizon nahiz emakumeen artean. Aldiz, 45 urtetik gorako langabetuen kopuruak gora egin du azken hilabetean.

  Azpimarratzekoa da gainera, martxoan otsaila aurretik erregistratzen ari zen murrizketa joerari jarraipena eman zaiola. Iazko azarotik langabeziak beherantz egin du Oñatin, hilabetez hilabete. Joera hori otsailean apurtu zen 15 langabetu gehiago erregistratuta baina martxoan, esan bezala, kopurua murriztu egin da berriro. Datozen hilabeteetako datuen zain egon beharko dugu joera sendotzen ote den ikusi edo momentuko fenomenoa izan den jakiteko.

  Lanbidek kaleratu dituen azken datuen arabera, Oñatin, 493 langabetu zeuden martxo akaberan, otsailean baino 7 gutxiago, esan bezala. Horietatik, 244 gizonezkoak ziren eta 249 emakumezkoak. Beste hilabete batez, gizon eta emakume langabeen kopurua kasik parekoa izan zen.

  Baina datuak argigarriagoak dira orain iazko martxokoekin konparatzen baditugu. Orduan, Oñatin 518 langabetu zeuden erregistratuta, orain baino 25 gehiago. Langabezian zeuden gizonezkoak orain daudenak baino gutxiago ziren baina emakumezkoak dexentez gehiago, 33 gehiago. Langabezia tasa berriz, puntu erdi altuagoa zen iaz.

  Eskualdera begiratuta, langabeziak apur bat gora egin du Debagoienean. Oñatin bezala, Antzuolan eta Bergaran langabetuen kopuruak pitin bat behera egin du baina gainontzeko herrietan gora. Ondorioz, Debagoieneko langabezia tasa orokorrak gora egin du martxoan.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!