Langabeziak azaroko maila berean jarraitu du abenduan eta 331 langabe errepikatu dira

2019/01/04
Card image cap
Baina emakume langabeen kopuruak gora egin du eta aldea nabarmen handiagoa da orain urtebeteko datuekin alderatuta

  Langabeziak gora behera txikiak izan ditu gurean 2018an. Ekaina eta uztailean zenbatu ziren langabe gutxien, 294 eta 289 hurrenez-hurren, eta langabezia tasa % 5,5etik jaitsi zen udako bi hilabeteotan. Baina orokorrean, herriko langabeen kopurua 300dik gora mantendu da hilero eta irailetik 330 inguru. Abenduan, azaroan bezala, 331 langabe zenbatu dira gurean. Iazko urte akaberan baino 6 lagun gutxiago.

  Langabeen adina eta sexuari erreparatuz gero ordea, aldeak nabarmendu daitezke. Azarotik abendura bereziki gora egin du 25 eta 44 urte arteko emakumeen langabeziak eta orain urtebete baino 21 emakume gehiago daude lana topatu ezinda. Aldea askoz ere argiago ikusten da portzentajeak emanda: 2017 urte akaberan lan bila zebiltzan 100 oñatiarretatik 54 emakumezkoak ziren eta 2018 akaberan berriz, % 62a.   Emakumeen langabeziak hartu duen goranzko joera hori azken hilabeteetan errepikatzen ari da.

  Urtea 331 langabeekin amaitu da gurean. Langabezia tasa berriz, % 6.08. Urteko bataz bestekoa eginda, portzentajea pitin bat baxuagoa da, % 5,87. Urteko datuak gainbegiratuz, okerrenak azken hiruhilekoan eman dira, lehenengo hiru hilekoetan, bataz besteko langabezia tasa % 6aren azpitik mantendu baitzen. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!