Langabetuak kontratatzen dituzten herriko enpresek udalaren dirulaguntza eskuratu dezakete

2019/12/09
2019ko deialdian 15.000 euro banatzea aurre ikusten da, 5.000 aurtengo aurrekontutik eta 10.000 euro 2020kotik

  Dirulaguntza hauek eskatu eta eskuratzeko epealdia 2020ko urriaren 30era arte luzatuko da. Oinarriak azaroko Osoko Bilkuran onartu ziren eta gaur argitaratu dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.

  Langabetuak kontratatzeko dirulaguntza deialdian epealdiaren aldaketa orain hiru urte egin zen, eta hala mantentzen da geroztik. Lehen, eskaera epea, urte naturalarekin bat etortzen zen, baina udaleko Sozioekonomia departamentuak kudeatzen duen laguntza programa hau Lanbide enplegu zerbitzuaren enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako dirulaguntzen markoan kokatzen da gaur egun.

  Udalaren laguntza hauen eskatzaileak egoitza soziala eta jarduna Oñatin duten eta 50 langile baino gutxiagoko enpresa txiki edo mikroenpresak izango dira. Laguntzak 2019ko uztailaren 1etik 2020ko ekainaren 30era arte egiten dituzten kontratu berrietarako eskatu daitezke. Beti ere, kontratuak gutxienez 6 hilekoak badira eta lanaldi osokoak, edo partzialak izaki, gutxienez lanaldi erdikoak badira. Kontratazioak gainera enplegu sorrera garbia ekarri behar du berarekin. Hori egiaztatzeko sei hilabete lehenago enpresak zuen langile kopurua begiratuko du udalak. Kontratatzen den pertsonak Oñatin erroldatuta egon behar du, gutxienez kontratua egin baino 6 hilabete lehenagotik, eta langabezian eta Lanbiden izena emanda egon behar du.

  Udalak 1000 euroko laguntza emango du lanaldi osoko eta sei hilabete edo luzeagoko lan kontratu bakoitzeko. Kontratatzen den pertsona emakumezkoa bada, laguntza, 1300 eurokoa izango da. Era berean, laguntza % 30 handitu daiteke kontratatzen den pertsona Lanbideren irizpideen arabera, kolektibo bereziren batekoa bada.

  2018 -2019 deialdian 8 eskaera jaso ziren eta 6 dirulaguntza eman dira. Langabetuak kontratatzeko udalak ematen dituen dirulaguntza hauekiko interesa duten enpresek, informazioa, Sozioekonomia departamentuan eskuratuko dezakete, 943 003 198 telefono zenbakian.


Iturria: Oñati Irratia