Langabetuak kontratatzen dituzten herriko enpresek udalaren diru laguntza eskuratu dezakete

2018/11/20
2018ko deialdian 20.000 € banatzea aurre ikusten da, 10.000 aurtengo aurrekontutik eta beste horrenbeste 2019kotik

  Diru laguntza hauek eskatu eta eskuratzeko epealdia 2019ko azaroaren 30era arte luzatuko da. Deialdiaren iragarkia, pasa den ostegunean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Langabetuak kontratatzeko diru laguntza deialdian epealdiaren aldaketa orain bi urte egin zen, eta hala mantentzen da geroztik. Lehen, eskaera epea, urte naturalarekin bat etortzen zen, baina udaleko Sozioekonomia departamentuak kudeatzen duen laguntza programa hau Lanbide enplegu zerbitzuaren enplegua sustatzeko toki-ekintzetarako diru laguntzen markoan kokatzen da gaur egun.

  Udalaren laguntza hauen eskatzaileak egoitza soziala eta jarduna Oñatin duten eta 50 langile baino gutxiagoko enpresa txiki edo mikroenpresak izango dira. Laguntzak 2018ko uztailaren 1etik 2019ko ekainaren 30era arte egiten dituzten kontratu berrietarako eskatu daitezke. Beti ere, kontratuak gutxienez 6 hilekoak badira eta lanaldi osokoak, edo partzialak izaki, gutxienez lanaldi erdikoak badira.  Kontratazioak gainera enplegu sorrera garbia ekarri behar du berarekin. Hori egiaztatzeko sei hilabete lehenago enpresak zuen langile kopurua begiratuko du udalak. Kontratatzen den pertsonak Oñatin erroldatuta egon behar du, gutxienez kontratua egin baino 6 hilabete lehenagotik, eta langabezian eta Lanbiden izena emanda egon behar du.

  Udalak 1000 euroko laguntza emango du lanaldi osoko eta sei hilabete edo luzeagoko lan kontratu bakoitzeko. Kontratatzen den pertsona emakumezkoa bada, laguntza, 1300 eurokoa izango da. Era berean, laguntza % 30 handitu daiteke kontratatzen den pertsona Lanbideren irizpideen arabera, kolektibo bereziren batekoa bada.

  Udalak ematen dituen diru laguntza hauekiko interesa duten enpresek, informazioa, Sozioekonomia departamentuan eskuratuko dezakete, 943. 003198 telefono zenbakian.

Iturria: Oñati Irratia