Landa garapena, auzoak eta ingurumen alorrerako teknikari gisa Itziar Iglesias Calleja kontratatzea proposatuko da seguruenera

2016/01/28
Azterketaldia gainditu duen hautagai bakarra izan da

  Atzo argitaratu ziren astelehenean egindako euskara azterketen emaitzak. Ordurako, Itziar Iglesias azterketa prozesuan jarraitzen zuen hautagai bakarra zen eta eskatutako 4. hizkuntz eskakizunaren maila baduela erakutsi du. Ondorioz, azterketaldia gainditu du. Aldi berean, lehiakeltaldiari dagokion puntuazioa ere goizean argitaratu da. Lanpostura aurkezterakoan adierazi zituen lan eskarmentu eta formazio osagarria baloratu zaizkio eta oposizio-lehiaketaren emaitza orokorra zehaztu da.  Oposizio aldia gainditu duen hautagai bakarra izaki, okerrik ezean, bera proposatuko dute landa garapena, auzoak eta ingurumen alorreko teknikari lanposturako.

  Bost izan ziren aldi baterako bete asmo den landa garapena, auzoak eta ingurumen alorrerako teknikari lanpostura aurkeztu ziren hautagaiak baina bakarrak lortu du hautaketa prozesua osorik gainditzea.
Langile berria, Udalak aldi baterako onartu duen programa gauzatzeaz arduratuko da eta hasieran, urtebeteko kontratua egingo zaio. Bitarteko funtzionario izaera izango du.

  Azterketa kontuekin jarraituz bestalde, pioi eta pioi gidari lan poltsak osatzeko azterketa praktikoak astelehenean egingo direla Gaztelekuan.

  Pioi gidari lan poltsari dagokionean, azterketa praktikoaren lehen zatia, kamioiarena, orain bi aste egin zen. Hiru hautagaik gainditu zuten eta hiru hori izango dira, lanpostuaren egitekoekin lotutako bigarren proba praktikoa egin beharko dutenak. Pioi lan poltsarako izena eman eta azterketa teorikoa gainditu zuten 15 lagunek ere, bete beharreko lanarekin erlazionatutako azterketa praktikoa izango dute. Pioi eta pioi gidari lan poltsetarako ariketa praktikoa Gaztelekuan egingo da astelehenean, 9.00etan hasita. Hautagaiek, nortasun agiriarekin joan behar dute.

Iturria: Oñati Irratia