Landa auzoetako zaintza areagotu egin du Ertzaintzak inguruetan ustez lapurrak dabiltzela-eta

2018/01/12
Card image cap
Ibilgailu edo mugimendu susmagarririk ikusiz gero abisua berehala emateko deia zabaldu da

  Miruerreka baserrian, kamera finko batez grabatutako irudiak sare sozialen bidez zabaldu dira. Bideoan, ustez lapurreta egin asmo duten hiru gazte ikusten dira bazterrak miatzen. Miruerrekan ez ezik, Arantzazu auzoko hainbat baserritan ere mugimendu susmagarriak izan direla jakinarazi diete ertzainei. Ez dute inor atxilotu edo identifikatu eta auzotarren laguntza eskatu dute; halako mugimendu arraro edo susmagarririk ikusiz gero, abisua berehala ematea eskatu dute. 112 emergentzia telefonora abisua lehenbailehen ematea eskatzen da. Ikusten den ibilgailuaren matrikula apuntatu edo argazkiren bat ateratzea ere eskatzen da, susmagarriak identifikatu eta aurkitu ahal izateko.

  Alarmarik sortu gabe baina adi ibiltzeko gomendioa eman da udaltzaingotik.  Oñatin ez dute lapurreta salaketarik jaso baina Bergarako komisaldegian zaintza areagotu dutela adierazi dute. Sare sozialen bitartez zabaltzen ari den Peugeot markako auto ilun baten irudiaren inguruan ere esan dute, Bizkaia aldean identifikatu den ibilgailua dela. Hainbat lapurreta gertatu den inguruetan ikusi ei dute baina Gipuzkoan ibili denaren ziurtasunik ez dela gaineratu dute. 
 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!