LANBUS zerbitzua amaitzear dago.

2012/04/12
Udalak eta herriko zenbait enpresek izenpetutako hitzarmena martxo akaberan bete zen eta ez da berritu. Datorren astelehenetik aurrera eta behin-behineko izaeraz autobus enpresa pribatu batek beteko du, herrigunetik ULMAko planta ezberdinen arteko garraio zerbitzua.

  Lanbus Zerbitzuaren helburua, herrigunearen eta udalerrian kokatutako enpresen arteko langileen garraioa xamurtzea zen. Hala, 2009ko otsaileko Osoko bilkuraren erabakiz, zerbitzu hori finantzatzeko udalaren eta hainbat enpresen arteko hitzarmena sinatu zen. Hitzarmen horren arabera, udalak, zerbitzuaren hirutik bat ordaintzeko konpromisoa hartu zuen. Baina hitzarmenak epe jakina zuen, hiru urte. Behin epe hori beteta egitasmoan parte hartzen zuten enpresen esku geratu beharko litzateke zerbitzuaren finantzaketa osoa.

  Hiru urteko esperientziak ordea, ez ditu esperotako emaitzak ekarri. PESA enpresak eskainitako zerbitzua garestia gertatu da eta zenbait enpresentzat jasanezina da orain 3 urte onartutako finantzaketa ereduari jarraipena ematea. Enpresen ordainketa kuota bi irizpideen arabera kalkulatzen da: duten langile kopuruaren arabera eta erabiltzaile kopuruaren arabera. Distantziak ez dira kontutan hartu eta horrek desoreka handiak sortu ditu.

  Egoera horren aurrean, enpresek ezinezkoa ikusi dute LANBUS zerbitzuari jarraipena ematea ez behintzat orain arteko finantzaketa zama osoa bere gain hartuta. Hala adierazi zioten udalari, eta honek, irailera arteko epea eskatu zuen gaia sakon aztertzeko. Baina bitartean, zerbitzua merkeago egingo duen beste enpresa bat kontratatuta, finantzazioaren hirutik bat ordaintzen jarraitzeko konpromisoa hartu du.

  Beraz, PESA korain arte eta Lurraldebus-eko sistemaren txartela erabiliz orain arte eskaini duen zerbitzua bertan behera geratuko da, bihar izango dira azken bidaiak, baina astelehenetik aurrera eta abuztua amaierara arte, behin behineko izaeraz autobus enpresa pribatu batek beteko du herrigunetik ULMAko planta ezberdinen arteko garraio zerbitzua. Enpresa sarrera eta irteera ordutegietan ibiliko den autobus honek, herrigunean, LANBUSek zituen geltokiak mantenduko ditu eta ULMA packaging, forja eta konstrukzionera joango da. Hiru kooperatiba hauek erabaki baitute zerbitzuarekin jarraitzea. Orain arte Fagor Industrialen ere geratzen zen baina kooperatibak egitasmotik kanpo geratzea erabaki du.

    Udalak, esan bezala, udalerri barruko autobus zerbitzuaz azterketa egiteko konpromisoa hartu du. Ez bakarrik orain arte LANBUS moduan ezagutzen genuena baizik eta baita Arantzazura domeka eta jaiegunetan izaten dena. Bi zerbitzu horien truke, udalak, ia 120 mila euro ordaindu izan ditu azken 3 urteetan. Eta pitin bat gehiago ordainduta, Bergarako udalak, herri barruko bi lineako autobus zerbitzua dauka. Antzerako ereduak aztertuko dira, erabakia berriz, irailerako hartzeko konpromisoa du udalak.