LANBIDEren diru laguntzaz kale garbiketarako kontratatuko diren lehen hiru pioiak berehala hasiko dira lanean

2016/09/20
Beste bi pioi kontratatzeko deialdi berria egingo da

  Berez, bost dira Lanbideren enplegu planaren baitan kale garbiketa zerbitzurako Udalak kontratatuko dituen pioiak. Enplegu zerbitzuaren diru laguntza jaso ahal izateko, langileek baldintza sozio-ekonomiko jakin batzuk bete behar dituzte. Hala, kontratatzen direnen artean DBE edo RGIa jasotzen duten bi langabe egotea ezinbestekoa da. Lanbidek berak egin zuen lehen deialdira ez da baldintza hori betetzen duen lagunik aurkeztu eta ondorioz, bi kontratu horiek ezin izan dira osatu. Irailaren 1etik 8ra egin zen deialdira beste perfil bateko hautagaiak aurkeztu ziren eta horietako hiru bai, kale garbiketa zerbitzuan pioi lanetan jarduteko kontratatuko dira.

  Lanbidek egin zuen lehenengo hautaketaren ondoren, udal teknikariek elkarrizketatu zituzten 16 lagunen behin-behineko puntuazioak atzo argitaratu ziren udaleko web orrian. Horrekin, alegazioetarako 3 eguneko epea ireki da. Epea beteta, hautaketa prozesuaren behin betiko emaitzak jakinaraziko dira eta puntu gehien lortu dituzten hiru lagunak berehala kontratatuko dira. Jaiak ate joka daudela, kale garbiketa zerbitzua indartzea komeni baitzaio Udalari. Betetzeke gelditzen diren bi kontratuetarako deialdi berria egingo da Lanbideren bitartez berriro.

  Tokiko esparruan enplegua sortzeko aurtengo egitasmoaren baitan Oñatiko Udalak  8 langabetu kontratatzeko diru laguntza onartu du Lanbide zerbitzuak. Kale garbiketarako bost pioi eta Gizarte Zerbitzuak Departamentuko artxiboa eta Udal Artxiboa antolatzeko pertsona bana eta Gazteria Departamenduan administrari lanak egiteko beste bat. Aipatu bi pioiak nahiz artxibo antolaketa eta administrari lanetarako beste hiru langileak aukeratzeko deialdiak Lanbideren bitartez argitaratuko dira. Deialdiak noiz kaleratuko diren zehazteko dago oraindik.

Iturria: Oñati Irratia