Lanbide heziketa arautuan, ikasturte berrirako matrikula epea ireki da gaur.

2014/07/09
Zuazola Larraña institutuan, erdi mailako hiru ziklo eskaintzen dira eta Enpresagintza Fakultatean, goi mailako beste hiru.

  Mekanizazioa, kirol ekintzen gidaritza natur ingurunean eta mantentze-lan elektromekanikoa dira Zuazola-Larraña institutuan ikasi daitezkeen erdi mailako zikloak.

  Enpresagintza Fakultatean, berriz, goi mailako beste hiru lanbide heziketa ziklo eskaintzen  dira: Administrazioa eta finantzak; salmenta kudeaketa eta zuzendaritza idazkaritza.

  Bietan, gaur hasi da 2014-2015 ikasturterako matrikula epea, hilaren 16a, datorren asteazkenera arte. Horrezaz gain, Goi mailako Heziketa Zikloetara pasatu ahal izateko sarbide froga prestatu nahi dutenek ere, oraintxe dute Larraña institutuan emango den ikastaroan izena emateko aukera.

  Lanbide Heziketa egiteko, zikloaren izaeraren arabera, gutxieneko ikasketa batzuk eskatzen dira. Erdi mailako zikloak egiteko, adibidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu behar da eta goi mailako zikloak egiteko, berriz, batxilergoa edota beste goi mailako zikloren bat.

  Ekainean izan zen aurre matrikula epea. Orduan, bai Larraña institutuan baita Enpresagintza Fakultatean ere, bertako instalazioak ikusteko ate ireki jardunak egin zituzten.

  Aurre matrikula beteta, Larraña institutuan erdi mailako heziketa zikloa osatzeko plaza lortu duten hautagaien zerrendak argitaratu dira. Orain, astebeteko epea dute matrikula gauzatzeko.

  Enpresagintza Fakultatearen kasuan, aurre matrikula epean ez dira plaza guztiak bete eta ondorioz, aurre matrikula tramite hori bete ez zutenek ere izena eman dezakete. Hori bai, kontutan hartu gaur zortzi, datorren asteazkenean  amaituko dela matrikula epea.

  Krisi garai honetan, asko dira lanbide heziketaren aldeko hautua egiten duten ikasleak. Ikastetxeek inguruko enpresekin dituzten harreman estuak tarteko, unean uneko beharretara moldatu eta egokitzeko etengabeko ahalegina egiten baitute lanbide heziketako zentroek. Ikasleei gainera, ikasitakoa praktika errealekin tartekatzeko aukera ematen zaie eta geroz eta gehiago dira nazioarteko beka batzuei esker, Europako enpresa ezberdinetan praktikak egiten dituztenak.

Iturria: Oñati irratia