Lanbide heziketa arautuan aurrematrikula epea ireki da gaur

2020/06/01
Zuazola-Larraña institutuan erdi mailako hiru ziklo eskaintzen dira eta Enpresagintza fakultatean goi mailako beste hiru

  Aurrematrikula betetzeko bi bide daude: on line edo ikastetxean bertan. On line egiteko Ikasgunea plataforman sartu behar da. Bestela, ikastetxera joanda zuzenean bete daiteke aurre-matrikula eta behar diren agiriak aurkeztu. Horretarako hitzordua eskatu behar da telefonoz.

  Mekanizazioa, kirol ekintzen gidaritza natur ingurunean eta mantentze-lan elektromekanikoa dira Zuazola-Larraña institutuan ikasi daitezkeen erdi mailako zikloak. Enpresagintza fakultatean, berriz, goi mailako hiru lanbide heziketa ziklo eskaintzen  dira: Administrazioa eta finantzak; zuzendaritza idazkaritza eta salmenten kudeaketa. Bai erdi mailako zikloetan baita goi mailakoetan ere ikasleei praktika errealak egiteko aukera eskaintzen zaie inguruko enpresetan. Baina geroz eta gehiago dira nazioarteko beka batzuei esker, Europako enpresa ezberdinetan ere praktikak egiten dituztenak.

  Lanbide Heziketa egiteko, zikloaren izaeraren arabera, gutxieneko ikasketa batzuk eskatzen dira. Erdi mailako zikloak egiteko, adibidez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza amaitu behar da eta goi mailako zikloak egiteko, berriz, batxilergoa edota beste goi mailako zikloren bat. Erdi eta goi mailako heziketa zikloen inguruko informazioa nahi dutenek Larraña institutura edota Enpresagintza fakultatera jo dezakete. Bietan aurrematrikula epea zabalik baitute ekainaren 19ra arte. Gero, kurtsoa amaituta eta DBH edo batxilergoko notak eskutan, matrikula betetzeko, uztailaren 13tik 17ra arteko epea izango da.

Iturria: Oñati Irratia