Lan istripu larria izan zen atzo kiroldegiko tenis pistetan

2020/06/18
Card image cap
Oñatiko udalak babesa adierazi zion zauritutako langileari

  Istripua 9:00ak inguruan gertatu zen, atzo. Zubikoa kiroldegiko instalazio elektrikoa berritzeaz arduratzen ari den enpresako ingeniari bat, ezagutzen ez diren arrazoiengatik, lehenengo tenis pistako harmailaren goialdetik erori zen, 6 bat metroko altueratik erori zen. Istripu lekua lan eremutik kanpo dago baina dirudienez, tximistorratz batzuk jartzeko gune aproposa ikusten-edo ari zen beste lankide batekin.

  Istripua gertatu eta berehala emergentzia zerbitzuei berri eman zitzaien. Zauritutako langilea bertan artatu zuten lehenik baina larritasuna ikusita anbulantziaz Gasteizko Santiago ospitalera eraman zuten. Emakumeak hainbat hezur apurtuta dauzka baina ez zuen konorterik galdu. Zaurien larritasuna ikusita Zaintza Intentsiboetan ingresatu zuten baina bizitza ez du arriskuan.

  Lan istripuaren berri Ertzaintzari eta Lanen Segurtasun eta Osasun koordinatzaileari eman zitzaien eta eurak arduratuko dira Osalanekin batera gertatutakoa argitzen.

  Oñatiko udalak oharra kaleratu zuen atzo arratsaldeko lehen orduan, zauritutakoari babesa adieraziz. Gertatutakoa gertatuta, Zubikoa kiroldegiko lanek normaltasunez aurrera darraite.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!